Administrazioa

Langile publikoen soldata %2 igotzea proposatu du Jaurlaritzak

Akordiorik gabe amaitu da Mahai Orokorraren bilera. Langileen ordezkariek gogor salatu dute «negoziatzeko borondaterik eza»

ELAko kideen protesta, gaur, Lakuan. ELA
xabier martin
2019ko irailaren 26a
18:07
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoan ari diren 70.000 langile publikoen «lan baldintzak hobetzeko» proposamena egin die sindikatuei Eusko Jaurlaritzak: 2020. urterako soldatak %2 igotzea. Gasteizko gobernuak esan duenez, Itzarri BGAEari egiten dion ekarpena ere hobetuko litzateke, %1,5era urtea amaitu aurretik, eta %2ra 2020an. «Proposamen eskuzabala da; are gehiago kontuan hartuta inguratzen gaituen errealitatea», esan du Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak, arratsaldean.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, ordea, erabateko ezadostasuna helarazi diote exekutiboari Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren bileran. Hasteko, ez dagoelako behin-behineko enplegua kontsolidatzeko proposamenik. «Europako sektore publikoko behin-behinekotasun tasa handiena edukita ere, Jaurlaritzak jokabide arduragabea izan du», esan du ELAk. Jarrera horren atzean «gobernuaren erabakia dago behin-behinekotasun tasari eusteko», sindikatuaren ustez. %35etik gorakoa da tasa hori gaur egun. Euskal sektore publikoan «pribatizazioa aurrera eramateko helburua» dagoela uste du ELAk.

LABek ere arazo berari erreparatu dio. «Kontratazioa egonkortzeko lege propioa behar dugu, eta Jaurlaritza txapuzatan ari da gaiari arduraz heldu beharrean». Sindikatu abertzaleak, era berean, mahairatu zuen «erosteko ahalmena berreskuratzeko plan bat» behar dela, 2020rako %2ko igoerak ez baitu orekatzen azken hamarkadan langile publikoek galdutako erosteko ahalmena.

Itzarriren ekarpena

ELAk ikuspuntu bera dauka; «igoera xume horrekin hamarkada batean metatutako erosteko ahalmenaren galera %13tik gorakoa da», esan du. %2ko igoera Gasteizko gobernuak eta Espainiakoak adostutako defizit-helburuen, gastu-langaren eta zorpetze-mugaren barruan dagoela gogoratu du, baita Itzarriko ekarpena %3koa zela ere hura eten baino lehen; eta hortaz, exekutiboak murrizketari eutsiko liokeela. 2012an Itzarriko ekarpena jasotzeari utzi zioten langile publikoek, eta iaz hasi ziren berriro jasotzen, baina aurtengo bukaeran jatorrizko ekarpenaren erdia baizik ez lukete lortuko.

Jaurlaritzak Mahai Orokorrean egindako proposamenak Lakuako Administrazio Orokorreko langileei eragiten die, eta erakunde autonomoetakoei ere bai: Ertzaintzakoei, Hezkuntzakoei, Justiziakoei eta Osakidetzakoei. Gainera, erreferentzia nagusia da sektore publikoan aritzen diren langile guztientzat, alegia, 100.000 langilerentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.