Gabonetako kanpainarako eta urtarrileko merkealdirako langileak kontratatu nahi dituzten dendek eta ostalaritza enpresek hurrengo ostegunetik aurrera -azaroaren 12a- edukiko dute laguntzak eskatzeko aukera. Eusko Jaurlaritzak 2,4 milioi euroko plana onartu zuen atzo horretarako. Kontratatutako langile bakoitzeko 1.200 euro jasoko dituzte, gehienez ere 12.000 euro enpresako.
Laguntza eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da hainbat baldintza betetzea. Alde batetik, gutxienez 45 eguneko kontratua egin beharko zaio langileari. Egun horiek jarraian izango dira, eta azaroaren 12tik urtarrilaren 31ra bitartean.
Ezingo da edozein langile hartu. Beharrezkoa izango da hura langabezian egotea, gutxienez hilabetean. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta dauden langileak kontratatzeagatik soilik emango dira laguntzak. Halaber, langileak ezingo du enpresako jabearen senide zuzena izan.
Neurriari esker zenbat langile kontratatzea espero duten galdetuta, Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak ez du zenbaki zehatzik eman. Baina, haren esanetan, «posible» da neurriak kotizazioen bidea suspertzea. Hau da, Gabon garaian orain arte komertzio txikiek beltzean egiten zituzten kontratuak aurrerantzean araudiaren barruan egotea.
Merkatariei eta ostalariei laguntzeko neurriak +Euskadi09 ekimenaren barrukoak dira. Irailean aurkeztu zuen plana Patxi Lopez lehendakariak, eta 367 milioi euroko aurrekontua du. Udalen bidez 7.000 langile kontratatzea eta altzarien Renove plana ezartzea, horra orain arte iragarritako laguntzetako batzuk.
Langileak kontratatzeko laguntzak hurrengo astean jarriko dira martxan
Urtarrilaren 31ra arte kontratatutako langile bakoitzeko 1.200 euro jasoko dituzte merkatari eta ostalariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu