AENAren pribatizazioaren atarian, ez dute grebara deituko CCOO eta USO-LSB sindikatuek. Lanpostuak egonkortzea eta mantentzea lortu dutela adierazi du CCOO sindikatuak, eta lan itun koletiboa 2021a arte indarrean izatea adostu dutela. Halaber, ENAIREko langileen lan baldintzak bermatu dituztela esan dute. Horrela, atzera bota dute 27 eguneko greba.
Sindikatuak, ordea, kritiko agertu dira Espaniako Gobernuak AENA pribatizatzeko bihar irekiko duen prozesuaren inguruan. Izan ere, irabaziak inbertitzaileen artean banatuko direla diote, eta ez aireportuen azpiegituretan erabili. Hori salatzeko, bihar protestak egingo dituzte.
58 euro akzioko
Bihar aterako da burtsara AENA, aireportu sarea kudeatzeaz arduratzen den enpresa publikoa. Lehen fasean, jabetzaren %49 jarriko du salgai gobernuak. Horrekin, 4.000 milioi eskuratuko ditu trukean. Akzio bakoitza 58 euroan jarriko dute salgai.