EKONOMIA

Langileek esan dute Inasak 2012a baino lehen erabaki zuela lantegia likidatzea

Nafarroako legebiltzarrean egindako agerraldian adierazi dute ez zegoela enpresarekin akordioren bat lortzeko inolako aukerarik, "ez zuelako negoziatu nahi".

Inasako langileek egin duten elkarretaratzea. IñIGO URIZ, ARP
Berria.info
2013ko irailaren 11
12:28
Entzun

Abuztutik itxita dago Inasaren Irurtzungo lantegia. Gaur, Nafarroako Legebiltzarrean izan dira langileetako batzuk, "guztiek jakin dezaten zer gertatu den, ez dadin halako beste kasurik gertatu". Zuzendaritzarekin akordioren bat lortzeko aukerarik ez zegoela adierazi dute, "ez zuelako negoziatu nahi". Lantegia likidatzeko erabakia 2012a baino lehen hartuta zegoela diote.

LABeko eta kuadroen konfederazioko ordezkariak izan dira alderdi politikoetako ordezkarien aurrean. Azaldu dute, iaz, hartzekodunen konkurtsora jo aurretik, Inasak enpresa bati agindu ziola makinak enkantean jartzeko. LABek ez zuen bat egin proposamenarekin, baina beste sindikatuek soldatak %30 murrizteko proposamena ere egin zuten, lantegiak jarrai zezan. "Lan baldintzak erabat aldatu aurretik ere lantegia desegiteko asmoa zuen", adierazi du Fernando Carrion langile ohiak.

Salatu du Nafarroako Gobernuak ez zuela ezer egin, nahiz eta askotan esan inbertsiogile bila zebilela. "Gobernuak esan zigun ez zela enpresaren hartzekoduna, baina hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak esan digu baietz, milioi bat euro zor dizkiola. Bietako bat gezurretan ari da".

Alderdi politikoek babesa eman diete langileei. Bikendi Barea Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, 2010ean arrisku kapitaleko konpainia bat sartu zen enpresan. "Hortik aurrerakoa iragarritako heriotza baten kronika izan da". PSNko Samuel Carok esan du Inasan gertatutakoak lagundu behar duela halako gehiagorik ez gertatzen. Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenezentzat, enpresa "apurtzeko" programa bat zegoen diseinatuta eta langileei egin dutena baino gehiago egiterik ezin zaie eskatu.

Kritikoago hitz egin du PPNko Ana Beltranek. "Errazena da beti langileei ematea arrazoia. Justuak izateko, ordea, bi aldeei entzun behar zaie".  UPNko Coro Gainzak, berriz, nabarmendu du gobernua inplikatu dela. "Ezin zaio errua administrazioari bota, ez zuei ez guri ez zaigu gustatu erabakia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.