Iritzi aldaketa bat-batekoa izan da. Carl-Peter Foster GMren Europako buruak herenegun bertan Berlinen esan zuen espero zuela urte amaierarako salduko ziotela Opel Magnari. Hiru ordu gerogo GMren buruzagitzak iragarri zuen ez dutela Opel salduko. GMk Opelen 55.000 langileetatik 10.000 inguru kaleratuko ditu. Magnak aurreikusitako kopuruaren «oso antzekoa», John Smith GMko lehendakariordearen esanetan.
Zerk eragin du GMk iritzia aldatzea? Orain Opeli eusteko nahikoa dirua dutela. Porrot egin eta ordainketak eten ostean, GMk burua altxatzea lortu du, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren laguntzei esker eta zenbait marka salduta. Urrian irailean baino %4 auto gehiago saldu ditu AEBetan. «Negozioaren egoera hobetu egin da Europan», onartu zuen herenegun Fritz Henderson GMko presidenteak. «GMren finantzen osasuna eta egonkortasuna ere hobetu dira».
Diruaz gain, ordea, aintzat hartu behar da garai berrietarako Opelek, bere teknologiak, ikerketak eta eskarmentuak GMrentzat duten garrantzia. AEBetan amaitu da ibilgailu handien garaia. Monobolumenen eta noranahikoen salmentak amildu egin dira, neurri handi batean petrolioaren prezioaren hazkundeagatik. Jendeak auto txikiagoak nahi ditu, erregai gutxiago behar dutenak, eta Opelek badaki horiek egiten. AEBetako Gobernuak berak dirua eman aurretik GMri ohartarazi zion negozio eredua aldatu egin behar zuela.
Irailean GMk Opelen %55 enpresa talde bati saltzea erabaki zuen: Kanadako Magnari (autogintzako osagaien ekoizlea da), eta Errusiako Sberbank bankuari eta VAZ auto ekoizleari. GMk %35 izango luke eta langileek %10. Errusiako merkatua zen Magnaren bideragarritasun planaren oinarrietako bat.
Magnak jada laguntzak eta kaleratzeak hitzartuak ditu Opelen lantegiak dituzten herrialdeetako gobernuekin eta sindikatuekin. Negoziazio gogorrak eta luzeak izan dira. Herenegun bertan Magnak iragarri zuen 265 milioi aurreztea lortu zuela, 2011 arte langileen soldatak izoztuz eta zenbait sari kenduz.
Orain GMk Opel berregituratzeko bere plana aurkeztu beharko die haserre eta nekatuta dauden gobernuei eta sindikatuei.
Alemania diru eske
Rainer Brüderle Alemaniako Ekonomia ministroarentzat GMren jokaera «onartezina» da. Alemaniako Gobernuak jada GMri eskatu dio itzul dezala emandako dirua. Alemaniak 1.500 milioi euroko mailegu bat eman zion auto ekoizleari, Opelen salmenta bermatzeko. 3.000 milioi euro gehiago ere agindu zituen.
Alemaniako Gobernua izan da negoziazioetako protagonista nagusia. Hasieratik Magnaren aukeraren alde egin zuen, besteak beste Alemanian beste eskaintza batzuk baino langile gutxiago kaleratzea aurreikusi zuelako. Magnari diru laguntzak agindu zizkion Alemaniako lantegietan ahalik eta langile gutxien kaleratzearen truke.
Gobernuak eta sindikatuak ez dira GMz fio, GM izan delako Opel kudeatu duena eta enpresa egoera horretara eraman duena. «Hamar urtean ez du planik eduki, eta galerak baino ez ditu sortu», esan zuen atzo Rainer Brüderlek.
Europako Batzordeak ohartarazi du zaindu egingo dituela Europako Batasuneko gobernuek eman ditzaketen laguntzak. Magnari agindutako laguntzen legezkotasuna zalantzan jarri zuen.