Lan harremanak

"Langileen gehiengoari egin dioten iruzurra" salatu dute ELAk eta LABek

Jaurlaritzaren babesarekin Confebaskek, CCOOk eta UGTk egindako eragin mugatuko itunen akordioa "ez da euskal esparrua" defendatzeko, sindikatu abertzaleen arabera

ELA eta LABeko ordezkariak. @LABSINDIKATUA
xabier martin
2016ko uztailaren 27a
08:27
Entzun

"Eduki kontua da dena". Edozer gauza sinatzea ez da ezer ez sinatzea baino hobe. Hala uste du Garbiñe Aranburu LABeko negoziazio kolektiborako arduradunak. Ainhoa Etxaide idazkari nagusia kanpoan dela-eta, hark ordezkatu du sindikatua ELArekin batera egindako agerraldian. "CCOO eta UGTren borondateak erosi dituzte finantzaketaren truke", azaldu du Aranburuk Elkarrizketa Sozialerako Mahian hartutako akordio biak aztertzean. "Zinismo handia" dagoela esan Espainiako sindikatuen euskal adarrei eta CEOEko kide den Confebask patronalari erreparatuta. "Haiek hauspotzen dute estatalizazioa, hemen negoziatzea debekatuz Madrilen". Horregatik, gehiengo sindikala kanpoan utzi, eta eragin mugatuko akordioak orokortzeko akordioa euskal esparrua blindatzeko dela esatea "gezurra borobila" esatea da, LABeko kidearen ustez.

"Eredu neoliberalarekin bat egiten ez dugunak bazterreratzeko akordioa da", azaldu du Adoldo MUñoz ELAko idazkari nagusiak. Areago, Jaurlaritzak esparru publikoan egiten duen politika Confebaskek esparru pribatuan egin dezan tresna dela esan du, eta sindikatu abertzaleen finantzaketa publikoa ere arriskuan legokeela esplikatu du, Lakuaren 2014ko agiri bati erreparatuz. "Iruzurraren aurrean ez diegu bake soziala emango", esan du.

Behin eta berriro azaldu du patronalak betidanik nahi izan duena bake soziala dela, "bere eredu neoliberala oztoporik gabe gauzatzeko". Orain, berriz, Jaurlaritzak egindakoa "ikeragarria" dela erantsi du. "Jaurlaritzarentzat euskal eredua euskal langileen gehiengoak gutsiestea da. Zer eraiki nahi dute horrela herri honetan? Horrela ez dago, ez autogobernurik, ezta prozesu subiranistarik".

Alderdiei, "etengabeko kanpainan gauden honetan", Elkarrizketa Sozialerako Mahaian hartutako erabakien inguruan iritzia emateko eskatu diete, eta salatu du Toñaren agerraldia galarazi dutela EAJk, PSEk eta PPk. Ohar argi bat ere eman die hala patronalari nola Gasteizeko gobernuari: sinatutakoari jarraiki gutxiengoarekin itunak sinatzen hasten badira, "ahal den guztia" egingo dute ELAk eta LABek hori saihesteko. "Urkulluk sinatu du Euskal Herrian negoziatzea debekatzen dutenekin". EAEko lehendakariaren "jarrera antidemokratikoa" salatu du; "ezin da onartu halakorik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.