Langileentzat lanean

Enpresa batzordeetako kideak aukeratzeko hauteskundeak egiten ari dira azken hilabeteotan Hegoaldeko lantoki gehienetan; sindikatuetako ordezkariek euren esperientziak eta egitekoak azaldu dituzte.

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Legeak berak dio: enpresaburuaren aldean, langilea ahultasunean dago. Eta enpresen botereari mugak jartzeko nahiz beharginek lantokian parte hartu ahal izateko tresna dira sindikatuak. Azken finean, soldatapekoen lehen defentsa lerroa dira pertsonal ordezkariak eta enpresa batzordeak. Hego Euskal Herrian 27.000 soldadu baino gehiago dituen armada da, populazio aktiboaren %2 inguru.

Azterketa garaia da sindikatuentzat. Datorren urteko maiatzera arte lantokietan eta enpresetan langileek duten ordezkaritzaren erdia baino gehiago berritu beharko dute. Azken urteak ez dira ohikoak izan. Krisi ekonomikoaren ondorioz, makina bat enpresak arazoak izan dituzte. Kaleratzeak, erregulazioak, lanaldi eta soldata murrizketak biderkatu egin dira. Horrekin batera, egoera orokorrari erantzuteko hiru greba orokorretara deitu dituzte sindikatuek Hego Euskal Herrian azken urte eta erdian.

Egoerak sindikatuen beharra handitu duela uste du Daniel Gonzalez UGTko kideak. Gonzalezek 31 urte ditu, eta azken zortzi urteotan enpresa batzordeko kidea izan da Osakidetzan garbiketa lanak egiten dituen azpikontrata batean. «Langileak ordezkatzen ditugu, gizarte eragile baten bitartekoak gara. Beharginek eskubideak dituzte, eta enpresek betebeharrak, azken finean, lan harreman egokien berme emaile gara», azaldu du.

Zeregin horrek enpresako zuzendaritzaren eta karguen aurrean aurpegia ematera behartzen ditu, azken garaietan areagotu den egoera. Langileen ordezkariek, hasiera batean, legezko blindatzea dute euren lana egiteko, baina ez da beti horrela gertatzen. «Izena eta abizena duzu, eta enpresarentzat, arazo bat zara, argi eta garbi», Gonzalezen ustez.

Ugazaba haserretzeak dituen ondorioen adibide ona eman dezake Begoña Vazquezek. Gasteizko Udaleko langile batzordeko presidentea da Vazquez, 2006. urtetik. Hemezortzi urte daramatza ELAn afiliatuta, eta, administrazioan ia denetarik ikusi ondoren, hari egokitu zitzaion lan gatazka batean nahigabeko protagonista izatea.

Laburbilduz, lanpostua lortu zuen lan eskaintza publikoaren aurkako epaia baliatuz, Vazquezi kargua kentzea erabaki zuen Patxi Lazkoz alkatearen udal gobernuak. «Beste pertsona baten funtzionario izendapena atzera botako zutela iritsi zitzaigun batzordera. Zinegotziarengana joan ginen, eskaintzaren hutsegitea administrazioarena izanik bidegabeikusten genuelako. Baina eurek txosten juridiko batzuk eskatu, eta nire aurka egin zuten».

Epaia nola ezarri behar zen finkatzeko helegitea aurkeztu zuen Vazquezek, baina, emaitzari itxaron gabe, 2009an udalak haren izendapena baliorik gabe uztea erabaki zuen.

Azkenean, epaiak arrazoia eman dio ELAko ordezkariari, baina udalak oraindik ez du bete. Argi du erabakiaren atzetik bere lan sindikala dagoela. «Behin batean alkateak ohartarazi zidan. Baina ezin dut ulertu errepresalia pertsonalak egotea horregatik», azpimarratu du. Arlo profesionala eta pertsonala ez banatzea ez zaio buruan sartzen. «Enpresaburu gisa gaizki egiten dituzunak salatuko ditut, kitto. Hori bai, joko zikina erabili ahal izateko boterea behar da».

Gatazkaren joanean une txarrak igaro dituela onartu du Vazquezek, baina sindikatuan jarraitzeko zalantza gutxi izan ditu. «Jendea sindikalgintzan aritzeko grinaz balego, akaso alde batera geratuko nintzateke, eta denen artean defendatuko genuke defendatu beharrekoa, baina jendeak konpromisoa hartzea ez da erraza. Eta nik ardura bat badut, ELArekin, sail sindikalarekin eta langileekin».

Haren lanpostuari buruzko zalantzak argitzen diren bitartean, sindikatuan ez zaio lanik falta. Krisiaren ondorioz, sektore publikoan hartu diren neurriek biderkatu dute ekintza sindikala. Gasteizko Udalari dagokionez, gatazka luzea daramate langileek Lazkozen aurka. Itxialdiak eta protestak asteroko ogi dira udalakerabaki zuenetik gaixoaldiko lehen egunetan ematen zitzaien osagarria kentzea funtzionarioei. Funtzionarioen egoera ez dela paradisua azpimarratu du Vazquezek. «Mila euroko soldatapekoak ere badira, edo hilabete hasieran kobratzen ez dutenak. Gainera, funtzionario izatea ez da pribilegio bat, jende guztiaren eskura dago. Aldiz, enpresa pribatuan sartzea ez dago edonoren esku».

Liberatuak jopuntuan

Euren lana bete dezaten legeak -Langileen Estatutuak, batez ere- zenbait tresna ematen dizkie enpresa batzordeko kideei edo pertsonal ordezkariei. Horien artean, polemika gehien piztu dituena eta maiz mitifikatu dena kreditu sindikala da. Azken finean, ordezkariek lan sindikaletan aritzeko hilero zenbait lan ordu erabiltzeko eskubidea dute, enpresaren tamainaren arabera.

Ordezkarien lan orduak pilatu, eta pertsona bakar batek hartzeko aukera ematen du legeak, hitzarmen kolektiboan finkatzen bada. Ordezkari hori liberatu sindikala izango da, enpresan egongo da eta enpresak ordainduko dio, baina lan ordu guztiak zeregin sindikaletarako erabiltzea posible du. Liberatuei buruzko kondaira beltzak asko dira, eta gehiago zabaldu ditu krisi ekonomikoak, batez ere eskuinarekin lerratutako erakunde eta hedabideen eskutik. Gutxi gorabehera, liberatu sindikalak lan egin gabe enpresaren bizkarrera bizi diren pertsonak direla zabaltzen saiatu dira talde horiek.

Liberatuak jopuntuan jartzeko saioan bereziki nabarmendu da Esperanza Agirre Madrilgo presidentea. Irailaren 29ko greba deialdiaren atarian, haren ardurapeko administraziotik 2.000 funtzionariori liberazioa kentzeko asmoa plazaratu zuen. Zalaparta berehalakoa izan zen. PPko alderdikideen eta Mariano Raxoi presidentearen babesa jaso zituen Agirrek, ekimen horretan. Aldiz, sindikatuetatik eta ezkerretik ideia errefusatu zuten.

Euskal Herrian oihartzun gutxiago izan du liberatu sindikalen aurkako gurutzadak. Inolako gehiegikeriarik ez dela gertatzen uste du Txema Laiseka ELAko afiliazio eta hauteskunde sindikaletarako arduradunak. «Legeak ezartzen dituen liberatuak daude, ez gehiago. Gainera, enpresaburuek zorrotz jokatzen dute, eta sindikatuetako ordezkariek dagozkien orduak baino ez hartzea asko zaintzen dute».

«Penagarria izan da, eta liberatu sindikalak bizizale hutsak bagina bezala jarri nahi izan gaituzte. Ez dut uste Esperanza Agirrek nik bezainbesteko lan zama izango duenik». Hizketan ari dena Victor Garcia da. CCOOko sindikatuko afiliatua da orain dela hamabost urte. Trapagako Nervacero altzairutegiko langilea da, eta azken lau urteetan liberatua izan da enpresan.

Sarritan azaldu behar izaten du egoera hori. «Ezjakintasun handia dago. Pentsa, koadrilakoei ere poteoan azaldu behar izaten diet. Haientzat egoera berezia duzula dirudi, besteena baino hobea, baina nik ziurtatzen dut ez dela horrela». Kanpaina «ikaragarria» jasan dutela uste du Garciak, eta dena ez dela arrosa kolorekoa azpimarratu du. «Egun askotan laneko orduekin ez da nahikoa. Beranduago ateratzen naiz, beste bileraren bat baduzu, larunbatetan ere batzarren bat. Emaztea eta bi haur ditut, eta elkarbizitza ere batzuetan ez da hain eramangarria».

Sindikalgintza bizi duen pertsona da Garcia, arazoak arazo. «Ezin dut deskonektatu. Lankideekin garagardo batzuk hartu eta Nervaceron pentsatzen dut». Ez du uzteko asmorik, eta enpresak abenduan egingo dituen hauteskundeetarako CCOOko zerrendaburua izango da, berriro ere.

Unerik zailenak

Krisi ekonomikoa ikastaro azkar bat izaten ari da sindikatuetako ordezkari askorentzat, enpresetan ezohiko arazo eta neurriak hartzen ari direlako. Nervacerori dagokionez, azken bi urteak «erokeria» izan direla aitortu du Garciak. Eskaera jaitsieratik aparte, lantokia urez bete zen. Bi erregulazio eskaera izan dituzte, eta bigarrengoan enpresak ez die inolako osagarririk eman.

Negoziazio kolektiboa ere gogorra izaten ari da. Enpresak langile gutxiago nahi ditu, eta batzordeak erretiroak aurreratzea negoziatzen ari dira. Dagoeneko, sei greba egun egin dituzte langileek. «Enpresak ez digu ezer oparituko», laburbildu du Garciak.

Nervaceroren antzeko arazoak metalgintza sektore osoan zabaldu dira. Zumaiako TS Fundiciones lantegian ari da lanean Asier Lizaso LABeko kidea. Jarrera «ezkertzaleak» erakarrita eman zuen izena sindikatuan, orain dela urte batzuk. Harrezkero, sail sindikala handitzea lortu dute, eta egindako bideaz harro dago.

Orain egoera gaiztotu egin da, enpresak 75 langile kaleratzeko asmoa duela jakinarazi baitio batzordeko kideei. Orain ordezkari sindikalen jokabidea zein den argi du Lizasok. «Presio handia izaten dugu, baina guk langileen ondoan egon behar dugu; gauzak ondo azaldu, eta etorriko diren borroka garaietarako prestatu».

Langileen ordezkariak

ORDEZKARITZA KOLEKTIBOA

Ordezkariak. Langileen ordezkaritza izango du pertsonal ordezkariak edo enpresa batzordeak. Beharginen batzarrek erabakitzeko ahalmena izan dezaten ahalegina egin zuten sindikatu batzuek Langile Estatutuaren eztabaidan, baina eredu hori baztertu zen.

Pertsonal ordezkaria. 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan pertsonal ordezkariak daude, langileen izenean. 30 langile baino gutxiago dituztenek pertsona bakarra aukeratzen dute, eta 30 eta 50 bitartekoek, hiru ordezkari.

Enpresa batzordeak. Organo kolegiatua da. Enpresaren tamainaren arabera, bost eta 75 kide bitartean izango ditu.

KREDITU SINDIKALA

Zer da? Langileek aukeratu dituzten ordezkariek lan sindikalean aritzeko hilero erabili ahal dituzten lan orduak.

Zenbat lan ordu dira? Enpresak duen langile kopuruaren araberakoa. Ehun langile baino gutxiago dituzten enpresetan, hamabost lan ordu. Gehienez ere, 40 dira -750 langile edo gehiagoko enpresetan-.

Zer da liberatua?Hainbat ordezkariren lan orduak pilatuta zeregin sindikaletan bakarrik aritzen den ordezkaria.

Datuak

27.522

Langileen ordezkariak. Hego Euskal Herriko lantoki eta enpresetan, 27.522 ordezkari dituzte langileek. Hauteskunde prozesua hasi da, eta maiatzera arte, 15.000 kargu berritu beharko dituzte sindikatuek.

%35,6

ELA, nagusi. Hegoalde osoko datuak kontuan hartuta, ELAk ordezkari guztietatik %35,6 du. Bigarren indarra CCOO da, ordezkaritzaren %21,3rekin. LAB sindikatua hirugarrena da, eta %17,4 du. UGTk %15,6 dauka, eta beste sindikatuek, ia %10.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.