2017ko abenduaren 31tik daukate Lantegi Batuak fundazioko langileak lan itunik gabe. Aurretik ere hitzarmenarekin bueltaka ibili dira: 2012 eta 2014 urteen artean soldata izoztuta eduki zuten, eta 2015 eta 2017 artean %1eko soldata igoera izan zuten urtero. Orain, azken hamar hilabeteetan negoziatzen aritu dira sindikatu eta zuzendaritza, baina proposamen “lotsagarriak” jaso dituztela salatu dute langileek. Horregatik, gaur lanuztea egin dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, eta %60ko jarraipena izan duela azpimarratu dute.
Greba egun honekin batera, hainbat mobilizazio eta protesta ere egin dituzte, eta horrekin guztiarekin zuzendaritzak bere jarrera aldatzea espero dute langileek. Gaur Bilboko kaleetan ehunka lagun batu dira manifestazioan, eta KPIaren araberako soldata igoerak eskatu dituzte gutxienez datozen urteetarako. Urtarrilean berriz ere negoziatzera esertzea espero dute.