Lan istripua

Lanuztea egiten ari dira Tubacexen, langile baten heriotza salatzeko

Pieza handi bat gainera erorita hil zen atzo 24 urteko behargina. Sindikatuek salatu dute enpresa horretan prebentzio neurriak falta direla. Eguerdian elkarretaratzea egin dute.

2010eko otsailaren 16a
19:17
Entzun
Atzo lan istripuz 24 urteko gazte bat hil zela salatzeko, 24 orduko lanuztea egiten ari dira Tubacexen Laudioko eta Amurrioko (Araba) lantegietan. Gainera, eguerdian elkarretaratzea egin dute. Laudioko lantegian gertatu zen atzo ezbeharra: lau metro luze eta 22 zentimetroko diametroko hodi formako pieza bat gainera erori zitzaion mantenimendu lanetan ari zen J.P.G.ri, eta segituan hil zen. 24 urte zituen, Ugaokoa (Bizkaia) zen, eta behin-behineko kontratua zuen Tubacexen.

Istripu hilgarriaren berri izan zutenean, hildakoaren lankideek zein enpresak Amurrion dituen beste bi lantegietakoek lanuztea egin zuten gertatukoa salatzeko.

Sindikatuek atzo salatu zuten enpresaren prebentzio neurriak falta direla. Euskadiko CCOOren ustez, prebentzio neurrien plangintza egokiarekin istripua ekidin zitekeen, eta Tubacexi gogorarazi dio lan arriskuen arauak betetzea enpresaburuei dagokiela. LABek, bestalde, langileek pairatzen dituzten "lan erritmo handiak" gaitzetsi ditu, eta enpresaren arduradunei leporatu die "langileen bizitza eta osasunaren gainetik ekoizpenak kezkatzea".

Protestarako deialdiak

Atzo hasitako lanuztearekin batera, Tubacexeko langile batzordeak elkarretaratzeak antolatu ditu lankidearen heriotza salatzeko. Gaur, eguerdiko hamabietan, elkarretaratzea egin dute lantegiaren aurrean, eta bihar, berriz, goizeko hamaiketan, CCOOk elkarretaratzea egingo du SEA patronalaren egoitzaren aurrean. Ugaon, bestalde, etzi 19:00etan aterako dira auzokidea gogorarazi eta istripua gaitzesteko.

LABek gogorarazi duenez, bost egunetan Euskal Herrian hil den hirugarren langilea izan da J. P. G. Urte hasieratik, berriz, hamaika dira lanean ari zirela hildako beharginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.