Gobernuek orain arte hartutako neurriak «oso partzialak» izan direla uste du ELA sindikatuak, eta, enplegu galera handia dagoenez, «ezinbestekoa» dela lanpostuei eusteko «estrategia orokor bat» ezartzea. «Elkarrizketa Sozialak ez dio eginkizun horri erantzun, eta ostalaritzako kaleratzeei atea ireki die».
Atzo Elkarrizketa Sozialean iragarritako akordioak «kaleratzeak ekarriko ditu», Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuaren arabera, erregulazioak izan dituzten sektoreetan iritsiko ei dira kaleratze horiek; «gainera, ez die erantzuten benetan enpresetan bizi den egoerari». Administrazioei «erabakiak ausardiaz» hartzeko eskatu die sindikatuak, legedia aldatzeko, esaterako, eta «inbertsio publikoaren bitartez» langileen bizi baldintzak bermatzeko.
33.851 aldi baterako erregulazio dosier aurkeztu dituzte Hego Euskal Herriko enpresek. Krisiaren hasieran aurkeztu ziren ia guztiak jarduera eteteko erregulazioak eta alarma egoerak ahalbidetutako ezinbesteko arrazoietan oinarritutakoak izan ziren. Baina dagoeneko lanpostuak murrizteko dosierrak ari dira zabaltzen, produkzio edo antolakuntza arrazoietan oinarrituak. «Etorkizuna zalantzan duten eta diru sarrerak nabarmen murriztuta dituzten langile horiez gain, krisiaren testuinguruan beste 27.871 kaleratu dituzte edo galdu dute enplegua, eta aldez aurretik larri zeuden milaka herritarrek nabarmen egin dute okerrera», dio ELAk; «egoera horrek Iruñeko eta Gasteizko gobernuek enpleguari eutsi eta funtsezko bizi baldintzak bermatzeko premiazko neurriak hartzeko eskatzen du».
Enpresak langile gutxiagorekin aritzeko prestatzen ari dira
COVID-19aren krisia lehertu zenetik, enplegua erregulatzeko dosierrek 260.000tik gora langileri eragin diete. Azken asteetan azaleratu den joerak pentsarazten du, ELAren ustez, «hasiera batean osasun krisiak eta alarma dekretuak zerbitzu eta enpresa asko jarduera etetera behartu bazituen ere, orain eskaera eta produkzio krisia ari da enpresak jarduera etetera eta murriztera behartzen». Enpresa gehienak jarduerari eusten ari dira, baina modu murriztuan eta langile gutxiagorekin. «Baina enpresak langile gutxiagoren lan egiteko prestatzen ari direla eta enplegu krisi larri baten aurrean egon gaitezkeela ondorioztatu daiteke, kontuan hartuta ohiko produkzio eta antolakuntza dosierrak ugaritzen ari direla, bai eta alarma egoerak ahalbideturiko ezinbesteko espedienteen baldintzak malgutzeko mehatxuak ere».