Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuak aurrera egin du Confebaskeko presidente Roberto Larrañagaren aurkako akusazioekin. Hamar orduko lanaldiak bost eurotan pagatu zituzten enpresak azpikontratatzea leporatu zion aste hasieran, eta Larrañagaren beraren ukoaren ondoren, ELAk berretsi egin du akusazioa, hainbat xehetasun emanez, gainera.
Zikotz enpresa (Roberto Larrañagaren eraikuntza enpresa) Gasteizko udaletxeko zaharberritze lanetan aritu zen aldi baterako enpresen batasunaren barruan, eta ELAk dio orduan azpikontratatu zituela hainbat enpresa; haietako batek egunero hamar orduko lanaldiak ezarri zituen orduko bost euroren truke, Atlanta Nortek hain zuzen, eta garai hartan sindikatuak horixe bera salatu zuen, lan ituna ere ez baitzen errespetatzen.
Salaketaren harira egondako kontziliazio ekitaldian Gasteizko Udala eta aldi baterako enpresen batasuneko ordezkariak joan ziren, tartean Roberto Larrañaga Zikotzeko ordezkari gisa. ELAk dio denek ukatu zutela salaketa, baina gero Atlanta Nortek langileei zegozkien soldatak ordaindu zizkietela; "kasu batzuetan aldea 10.000 eurokoa izan zen".
Azpikontratazioen lan baldintzak arautzeko Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan ELAk aurkeztu zituten herri ekimen legegileekin lotu du sindikatuak Gasteizko udalatxeko pasartea. Confebaskek "erokeria" zela esan zuen, eta, sindikatuaren ustez, horrek badu logika "Zikotzi buruzko akusazioak" ezagutu ondoren. "Patronalak libre nahi ditu eskuak azpikontratatzen den aldiro lan baldintzak okertu ahal izateko".
Toñaren errieta
Confebaskeko buru Roberto Larrañagak erabat ukatu ditu akusazioak, eta ELAri "herrialde honetako errealitateaz tutik ere ez jakitea" egotzi dio. ELAk "lan miseriaren bidez" aberasten diren "piratei" aurpegia jartzeko abiatu duen kanpainari erreparatu dion beste bat Angel Toña Jaurlaritzako Enplegu sailburua izan da. Toñak errieta egin zion herenegun Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuari, lan prekaritatea salatzeko bere ekinaldian enpresariak "identifikatu" dituelako, eta "pertsona zehatzen irudiari kalte egiten dio horrek". Toña harremanetan jarri zen atzo Roberto Larrañaga Confebaskeko buruarekin, "Jaurlaritzaren elkartasuna" adierazteko. Sailburuaren ustez, "ez dago pertsona zehatzak identifikatzerik gaizkileak balira bezala". Gauzak gaizki egiten badira "dagokion lekuan" salatzeko eskatu zuen, "eta ez honela".