Mikel Noval ELAko ordezkariak galdetu du alternatibarik ez badago "zertarako" nahi den "lehendakari bat". Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektua kritikatu du, uste baitu gizarteak behar duenaren "aurkakoa" dela. Gastu soziala handitzea ezinbestekoa dela iritzi dio Novalek, "gaizki pasatzen ari den gero eta jende gehiago dagoelako".
"Errotikako aldaketa bat" beharrezkoa da, haren ustetan, diputazioetan, batik bat. Novalen aburuz, zerga politikaren bidez "askoz diru gehiago bil daiteke". LABeko Sonia Gonzalezek eta gizarte erakundeen ordezkari Victor Villaresek ere parte hartu dute agerraldian.
Gonzalezek ere zerga politika izan du hizpide. Uste du gaur egungo sistemak "gehien dutenak saritu eta langileak zigortu" egiten dituela. Mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi du Gonzalezek, orain arteko politiketan "errotikako aldaketa bat" ez dagoen bitartean. "Gizarte gatazka areagotzeko beldurra badute, badakite zer egin behar duten".
Zortzi sindikatuk bat egin dute deialdiarekin: ELA, LAB, EILAS, ESK, EHNE, Hiru, CGT eta CNTk. Horiekin batera, beste 50 gizarte taldek ere babesa agertu diote deialdiari.