Telekomunikazioak

Lasterketa hasi da

Vodafonek ONO erosi izanak eta SFR-ren berehalako salmentak agerian utzi dute telekomunikazio sektorearen kontsolidazioa hasi dela Europan ere. Batez ere, kable bidezko konpainiek emango dute zeresana. 

Antonio Coimbra, Vodafone Españako kontseilari ordezkaria. ZIPI / EFE
Miren Garate.
2014ko martxoaren 23a
20:09
Entzun

Behin eta berriz errepikatzen ari den eragiketa da: batu egiten dira nagusiki sakelako telefonoen negozioan aritzen den konpainia bat eta kable bidezko zerbitzuak ematen dituen beste bat. Badakite: bezeroek telefono finkoa, sakelakoa, banda zabala eta ordainpeko telebista barneratzen dituzten eskaintzak kontratatzen dituzte, eta, horretarako, elkarren beharra dute. Abiadura eskaintzen duenak asko du irabazteko. 

Izan ere, urte gutxian asko aldatu dira gauzak. Etxeko ordenagailuari ordenagailu eramangarria, smartphone-ak eta tableta batu zaizkio. Aldi berean martxan daudenean, ADSLa zaharkituta geratzen da gailu guztiek behar bezain azkar funtzionatzen dutela bermatzeko. Testuinguru horretan, zuntz optikoaren garapenaren aldeko apustua egin dute telekomunikazio konpainiek, askoz azkarragoa baita hura. Hor dute aukera kable bidezkoek, inbertsioak eginak dituztelako eta, askotan, eskaintzen duten teknologia zuntz optikoa bezain azkarra delako. Hau da, telefono konpainientzat, errentagarriago izan daiteke kable bidezko zerbitzua ematen duen enpresa bat erostea, kobrezko azpiegitura guztia ordezkatzea baino.

Horrez aparte, kontuan hartu behar da telekomunikazio konpainiak nazioartean lehiatzen direla, gero eta gehiago, gainera. Eta zenbat eta gehiago eskaini, orduan eta errazago dute bezeroak lortzea.

Adituek ez dute zalantzarik: hasi da merkatuaren kontsolidazioa, hasi da batak bestea erosteko lasterketa, eta gertaerek ere hala erakusten dute. Hala azaldu du Alvaro Ubierna Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteko dekanoak. "Europan, gehiegi zatikatuta dago merkatua; defizita du kontsolidazioan. Amerikan eta Ekialdean, enpresak askoz handiagoak dira, eta gutxiago daude".

Kablea, modan

Kable bidezko konpainiek zergatik sortzen duten halako interesa galdetuta, adierazi du "gutxien kontsolidatutako" sektorea dela, eta horregatik daudela modan. "Sakelako telefonoen operadoreak multinazional handiak dira. Kable bidezko konpainiak, ordea, naziora edo eskualdeetara mugatzen dira. Azken horiek operadore birtual bihurtzeko aukera izan dute, eta eskaintza integralak egin ditzakete, telefono operadoreen negozioaren kalterako,  haiek zail baitute finkoko zerbitzuak prezio lehiakorretan ematea sare propiorik gabe".

Espainian eta Frantzian, bizi-bizi dago merkatua. Aste honetan bertan, Vodafonek ONO eskuratu du, eta egun batzuetako kontua izan daiteke Numericablek SFR eskuratzea. Euskaltelen izena ere aipatu izan da balizko erosketen artean; hark, ordea, gehiago egin izan du kontrako aldera: hau da, besteren bat erosteko edo beste norbaitekin bat egiteko aukera handiagoa iradoki du.

Zerbitzu guztiak batera emateko behar horren adibide garbia da Vodafone. Gaur egun, zailtasunak ditu eskaintza konbinatuak egiteko; hori da Europan dituen ahulezia nagusietako bat. Arazo horri aurre egin ahal izateko, urrian, Alemaniako Kabel Deutschland erosi zuen. ONOrekin, beste pauso bat eman du orain.

Iaz, 25 milioi euroren galerak izan zituen ONOk; hala eta guztiz ere, Erresuma Batuko konpainiak 7.200 milioi euro ordainduko ditu haren truke. Argi esan zuen Antonio Coimbrak, Vodafone Españako kontseilari ordezkariak: "Kalitatezko sarea du, gaitasun handikoa. Enpresaren aktibo nagusia da". Gaur egun, 7,2 milioi etxetara abiadura handiz iristeko azpiegitura du instalatua ONOk —Nafarroara bai, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoara ez da iristen—, eta 1,9 milioi bezero ditu. Espainian, halako azpiegiturarik ez du beste inork. Telefonica 3,5 milioi etxetara iristen da, eta Jazztel, 1,2 milioitara.

ONOren azpiegiturarekin eta Orangekin batera garatzen ari denarekin, 2015eko irailerako, 10 milioi etxetara baino gehiagotara izango du sarbidea. Lehiakide nagusia, Telefonica, 7 milioi etxetara da heltzekoa epe berean.  Abiadura handiko sarea garatzeaz gain, sakelako telefonoetan milioi bat bezero eskuratu ditu Vodafonek.

Salerosketaren eraginez, Espainiako merkatuan hirugarrena den Orangek bere burua fitxak mugitzera behartuta ikus dezake. Ozen entzuten dira Jazztel eskuratu nahi duen zurrumurruak —kable bidezkoa da hura ere—, baina badira hainbat oztopo: Orangek finantzaketa lortzeko izan ditzakeen zailtasunak eta Jazztelek burtsan izandako igoera, esaterako. Izan ere, saltzen hurrena izango den usteak haren akzioak nabarmen igotzea eragin du urte hasieratik: %40 aurten.

Zalaparta Frantzian

SFR-ren salmenta ere sekulako zalaparta ari da sortzen Frantzian. Sakelakoen sektorean bigarren konpainiarik handiena da hura. Bi hautagai zeuden erosteko prest: Bouygues eta Numericable. Joan den astean, Bouyguesen aukera baztertzea erabaki zuen SFRk, eta esan zuen hurrengo hiru asteetan Numericablerekin esklusiboki negoziatuko zuela, "akziodunentzat eta langileentzat aukerarik egokiena delako". Bouygues, ordea, ez dago hain erraz etsitzeko prest, eta Numericableren eskaintza 1.400 milioi euro hobetu du. Beraz, SFRk berriro erabaki beharko du eskaintza onartzen duen edo ez.

Hein batean, Arnaud Montebourg Berrindustrializazio ministroak piztu du sua. Jendaurrean esan zuen nahiago zuela Bouyguesek erostea SFR, sektorea gutxiagoren esku geratuko zelako hala. Bezero aldetik, hirugarren konpainiarik handiena da Bouygues, eta bigarrena eskuratu izan balu, hiru handik kontrolatuko zuten merkatua —Orange, Bouygues eta Free—.  Numericable operadore birtual gisa aritzen da gaur egun mugikorretan, eta ez du merkatu kuota handirik.

Montebourgek zioen irabazi inbertsioetarako gaitasuna galtzen ari direla konpainiak eta telekomunikazioen sektoreak ezinbestekoak dituela inbertsioak aurrera egin ahal izateko. Haren arabera, konpainiak ez daude prest irabazietan eta dibidenduetan atzera egiteko, eta, prezioen lehia are gehiago gogortuz gero, lanpostuak murriztu, saltokiak itxi eta enpresak deslokalizatuko dira.

Prezioen kezka
 

Gogor kritikatu dute Montebourg adierazpen horiengatik; lobby-en aldeko kanpaina egitea, prezioen merkatzeari trabak jartzea eta lanpostuen aurka egitea leporatu diote. Izan ere, itxura batera, SFR Bouyguesek erosteak langile gehiagoren etorkizuna jar dezake kolokan, sektore berean aritzen direlako biak; bestalde, Numericablek osatu egiten du eskaintza.

Kontsumitzaile elkarteek ere argi dute merkatua esku gutxitan kontzentratzeak tarifen garestitzea ekarriko duela. Azken urteotan, begi bistakoa izan da prezioen merkatzea, eta hori operadore eskaintza handiak eragin duela diote, batez ere, operadore birtualek. Azken urteetan bezero gehien haiek lortu izana da adibide.

Dena den, Frantziako Berrindustrializazio ministroa ez da lehiakide kopurua txikitzearen alde mintzatu izan den bakarra. Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa ere telekomunikazio sektorearen kontsolidazioa babestearen alde agertu izan da, "Europako merkatuaren lehiakortasuna babesteko". Europako Batzordeak ere behin eta berriro egiten du aldarrikapen bera.

Ubiernaren esanetan, inbertsioen gaiak badu nolabaiteko arrazoia, baina aitzakia gisa ere erabiltzen da. "Inori ez zaio gustatzen inbertitzea. Beste erremediorik ez dagoelako inbertitzen da, edo errentagarritasun bat espero delako. Arazoa inbertsioen errentagarritasuna da, ea bezeroak prest dauden zerbitzu horrengatik gehiago ordaintzeko".

Adierazi du egoera konplikatu egin dela telekomunikazio enpresentzat, Google, Amazon, Ebay eta antzeko enpresen hedapenagatik. "Enpresa berri horiek telekomunikazio operadoreek eraikitako sareak erabiltzen dituzte, musu truk. Alabaina, lortzen dituzten irabazi handiak ez dituzte banatzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.