Ofizialki iazko azarotik dago martxan, baina gaur aurkeztu dute Latxa Esnea kooperatiba. Helburua artzainek euren artaldeetako ardi latxen esnea elkarren artean saltzea da, "ekoizle eta gaztandegien artean oreka bat lortuz". Kalitateko esnea eta kopuru jakin bat ere bermatzen dutela diote, eta egitasmoa lehen fruituak ematen hasi dela jakinarazi dute, Asteasuko Goine SC eta Basaburuko Dorrea gaztandegiarekin kontratuak sinatu dituztelako.
"Kontratu horiek baldintza batzuk zehazteko aukera ematen digute, prezioa eta ordainketako epeak zehaztuz", esan dute Latxa Esnea kooperatibako kideek gaur, Zaldibian. "Hori erabat berria da guretzat. Izan ere, artzainak ziurgabetasunean oinarritutako baldintzetan lan egitera ohituta daude". Zailtasunen artean, esnea biltzeko arazoak aipatu dituzte, ekoizpen kostuak ordaintzen ez dituzten prezioak, sektoreko betebeharren ugaritzea...
Bazkideek kooperatibarekin hiru betebehar dauzkate: kooperatibaren kapitalari lau mila euroko ekarpena egitea, esnea kooperatibari baino ez saltzea, eta erakundean gutxienez hiru urtean egotea.