ekonomia

Lau bilioi dolarreko defizita jaisteko "denek ekarpena" egin beharko dutela ohartarazi du Obamak

AEBetako presidenteak plana aurkeztu du. "Zorra ez genuke txiroen eta langileen kaltetan murriztu beharko". Obamak 1,3 bilioi aurreztu nahi ditu armada Afganistandik eta Iraketik aterata.

2011ko irailaren 19a
18:55
Entzun

Barack Obama AEBetako Gobernuko presidenteak lau bilioi dolarreko defizit publikoa jaisteko plana aurkeztu berri du, eta, xedea betetzeko, "denek modu justu batean ekarpena" egingo dutela adierazi du. "Zorra ez genuke txiroen eta langileen kaltetan murriztu beharko", esan du Obamak Washingtonen, Etxe Zuriaren atarian egindako agerraldian. Planak premia duela ohartarazi du. "Bestela, gure seme-alabengan eroriko da, osorik".

Obamak, besteak beste, 1,3 bilioi dolar aurreztu nahi ditu armada Afganistandik eta Iraketik aterata. Pentsio publikoen sisteman ez du aldaketarik proposatu.

Egitasmoa orain AEBetako Kongesura bidaliko du presidenteak, eta han alderdi demokratak eta errepublikarrak azaroaren bukaerarako gutxienez 1,5 bilioi dolarreko defizit murrizpenean adostasun bat lortu beharko dute.

Gastua txikitzeaz gain, AEBek diru sarrerak handitu behar dituztela ere nabarmendu du Obamak, eta diru gehien duten lagunei "presio fiskal handiagoa" ezarri nahi die gobernuak.

Lehengo astean 450.000 milioi dolarreko planaren berri eman zuen, enplegua sortzeko asmoz, eta Kongresuari egitasmoa "berehala" onartzeko eskatu dio gaur ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.