Bakarra beharrean lau enpresak FagorBrandt-en jabe egiteko asmoa erakutsi dute. Ostiralean Le Figaro egunkariak aurreratu zuen Aljeriako Cervital enpresak interesa erakutsi zuela enpresarekiko. Bada, gaur bertan esan du enpresako zuzendaritzak beste hiru eskaintza “aipagarri” ere mahai gainean dituztela. Horietako inork, ordea, ez dauka lanpostu guztien jabe egiteko asmorik. Interesa azaldu duten lau horietatik hiru talde industrialak lirateke, eta azkena inbertsio elkarte bat.
Brandten Lau lantegiak —Aizenay eta La Roche-sur-Yon (Vendee departamenduan) eta Vendome (Loir et Cher) eta Saint Jean de la Ruelle-Orleansen (Loiret)— zabaldu eta jarduerarekin hasi ziren iazko abenduan, biltegian dituzten produktuak berme gisa hartuta, bankuek eta Frantziako Gobernuak maileguak eta gero. Guztira 15 milioi euro jarri zituzten jarduerarekin jarraitu ahal izateko, inbertitzaile salbatzailearen zain zeuden bitartean. Une honetan FagorBrandtek 1.200 langile ditu.