Lau enpresatik batek uste du fakturazioak behera egingo duela 2024aren hasieran

Laboral Kutxaren azterketaren arabera, enpresek urte hasiera hotza espero dute, baina horrek ez dio gogor eragingo enpleguari.

Langile bat, Haizea Wind haize errotak egiten dituen enpresan, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Langile bat, Haizea Wind haize errotak egiten dituen enpresan, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 14a
15:15
Entzun

Euskal enpresak ez dira bereziki baikorrak hurrengo urtearen hasierari dagokionez, ez behintzat Laboral Kutxak eginiko azterketan parte hartu dutenak. Izan ere, gehiago dira 2024aren hasieran okerrera egingo dutela uste dutenak hobera egiteko esperantza dutenak baino. Lautik batek (%25,2) uste du hurrengo hiruhilekoko fakturazioa oraingoa baino okerragoa izango dela; aldiz, %18,9k uste dute hobea izango dela. Besteek –%55,9k, hain zuzen– uste dute antzekoa izango dela.

Inkestaren ondorioei erreparatuta, ekonomia hoztea espero dute enpresek, oso gutxi baitira hobera egingo duela iritzi diotenak. Ekonomiaren egoera orokorrari buruz galdetuta, %7,7k uste dute hobera egingo duela urte hasieran; besteek, aldiz, uste dute antzera eutsiko diola (%46,6) edo okertu (%45,5) egingo duela.

%81,5

Langile kopuruari eutsiko dio Inkestaren emaitza gehienak ezkorrak izan arren, enpresen %81,5ek ez dute espero kaleratzerik. Hau da, uste dute egungo langile kopuruari eutsiko diotela. Bestalde, %12 dira lantaldea murriztu beharko dutela uste dutenak.

Haien jardun ekonomikoaren eta eskaeren bilakaeraren inguruko iritzia antzekoak dira. Jardunari dagokionez, %9,9k uste dute gora egingo duela urte hasieran; hiru aldiz gehiago dira, ordea, okerrera egitea espero dutenak (%30,9). Eskaeren datuek bat etorri behar zuten ezinbestean aurreikuspen horiekin: %16,2k uste dute eskariak ugaritu egingo direla, eta %24,8k murriztuko direla.

Enplegua, egonkor

Laboral Kutxaren inkestan, lantaldearen bilakaeraren inguruan ere galdetu diete enpresei, eta enpresa gehien-gehienek iritzi diote berdin eutsiko diotela hurrengo hiruhilekoan (%81,5). Hamarretik batek pentsatzen du langile gutxiago beharko dituela (%12,6), eta %5,9k uste dute lantaldea handitu egin beharko dutela.

Azterketak beste hainbat gairi buruzko iritziak biltzen ditu, eta deigarria da, esaterako, %17,2k bakarrik jaso izana Europako Funtsetako diru kopururen bat, eta %83,8k salmentekin jasotako diru sarreren %1 baino gutxiago baliatu du berrikuntzarako eta garapenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.