Pozik zeuden, atzo, LAB sindikatuko kideak, Ipar Euskal Herriko hauteskunde sindikalen emaitzekin. Baionako Lan Auzitegian lau hautetsi ukanen ditu LABek, azken sei urteetan baino hiru gehiago. 2002an aurkeztu zen LAB, lehen aldiz, eta orduan hautetsi bat lortu zuen, merkataritza kolegioan. Orain, industrian, orotariko aktibitateetan eta laborantzan ere lortu du hautetsi bana. Laborantzako kolegioan sindikatuek hiru hautetsi dituzte, horietatik bat LABekoa da, eta CFDTkoak, beste biak.
Orotara, 2.857 boz eskuratu ditu LABek Ipar Euskal Herri osoan, hala nola botoen %13,5. Duela sei urteko emaitzekin konparatuz, 4,5 puntu irabazi ditu eta 900 boto. Laborantzako kolegiorako hauteskundeetan %22ko emaitza lortu du LABek, eta arlo horretako bigarren indar bihurtu. Donibane Garazin, Uztaritzen, Senperen, Azkainen, Baigorrin, Irisarrin eta Ziburun lehen indarra izan da, oro har, LAB.
Lortutako hautetsi kopuruaren aldetik, LAB da Ipar Euskal Herriko hirugarren indarra. Baina hogei bat boz gehiago eskuratu ditu, aldiz, FO sindikatuak. Laborantzan eta industrian LABek hautetsi bat lortzeko behar adinako boz kopurua lortu duelako, eta FOk ez, bi hautetsi gehiago atera dizkio LABek.
FOk bost hautetsitik hiru galdu ditu hauteskunde horietan. CFDT ere galtzaile handia izan da, lehen postua galdu baitu, eta CGTren mesedetan. CFDTk bi aulki galdu ditu, eta CGTk bi irabazi, orain biek bederatzina hautetsi dituzte. CGT eta LAB dira, beraz, hauteskunde horietako irabazle handienak, eta horiek egin dute balorazio bat.
«Emaitza on hauek, azken sei urteetan eraman lanari esker lortu ditugu», dio LABen oharrak. «Tokiko proiektu sindikal alternatiboari esker» eta «langile guztien zerbitzuko izanez» lortu dutela uste du. Emaitza horiek LABen «errepresentatibitatea behin betikoz frogatzen» dute.
LABen emaitzak «kontuan hartzekoak» direla aitortu zuen Alain Duzert CGTko idazkari nagusiak. Sindikatu nagusia gainerateko taldeekin bilduko dela iragarri zuen Duzertek, eta zehaztu zuen oraindik ez dutela erabakiaLABekin ere bilduko diren ala ez.
CFDTri zeharkako kritika
Langileek CGTrenganako «konfiantza» erakutsi dutela dio Duzertek. «Gu langileak laguntzeko prest gaude, baina lantegietan langileek berek erabaki nahi dute zer aldarrikatu nahi duten. Ez gara zer eskatu behar duten gainetik inposatzen dieten horietarik. Laneko molde hori baloratua izan da hauteskunde hauetan».
«Bozketa aldarrikatzaile bat izan da, ofentsiboa», esan eta Duzertek zeharka kritika egin zion CFDTri. «2002tik hona gauzak pasatu dira: erretreten erreforma, adibidez». Horrez gain, CFDTk «Lan Auzitegiko epaile onak» direlako argudioarekin egin zuen kanpaina. CGTk, aldiz, bere hautetsiak «zinezko militanteak, sindikatutik moztuak ez direnak» direla azpimarratu zuen.
Lau hautetsi lortu ditu LABek Lan Auzitegian, eta hirugarren indar bihurtu
CFDT eta FO izan dira Baionako auzitegirako hauteskundeetako galtzaile handienak, eta CGT irabazlea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu