Lau konponbide, eta laurak zailak

2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Erreskate funtsa zabaltzea. EFSF funtsa sortu zuten interes tasa handiegia pagatu behar zuten estatuak finantzatzeko, baldintza zorrotz batzuk betez gero. Arazoa da funts horren 250.000 milioi euro baizik ez daudela libre, horietako batzuk agian bankuak kapitalizatzeko baliatu behar dituztela. Diru gutxi da hori Espainiarentzat eta, batez ere, Italiarentzat. Azken horrek beste hainbat diru bildu behar du martxoa bitarte. Funtsa bermeen bidez handitzeko bidean daude euroguneko herrialdeak, baina oraindik ez dakite nola edo noiz.

EBZren esku hartzea. Europako Banku Zentrala ari da lanean Italiaren eta Espainiaren zorraren interesa jaitsi nahian—180.000 milioi eurotik gora erosi dizkie inbertsiogileei—, baina emaitza apalekin. Batzuen ustez, diru gutxiegi da hori, eta ez du funtzionatuko EBZk argi uzten duen arte nahi beste zor erosiko duela. Zorra monetizatzea proposatzen dute, AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak egiten duten moduan. Hau da, diru berria jaulkitzea estu dabiltzanen zorra erosteko. Halakorik ez duela onartuko erantzun zuen atzo berriro Angela Merkelek. Hiru arrazoi nagusi ditu Alemaniak: batetik, inflazioa zor dezakeela; bigarrenik, EBZk arrisku handiak hartuko lituzkeela; eta, azkenik, estatukideei erreforma mingarriak egiteko pizgarria kenduko liekeela.

Gobernu ekonomiko bateratua. Indar handia hartzen ari den proposamena da. Funtsean, estatuek politika ekonomikoaren gaineko subiranotasuna —zergena barne— gero eta gehiago EBren esku uztea dakar. Hark diziplina handia ezarriko luke kontuetan, eta horrek ez pagatzeko kezka uxatuko luke. Hori dio Merkelek «Europa gehiago» eskatzen duenean, eta Brusela gustura dago. Arazoak baditu proposamen horrek. Batetik, politika ekonomikoaren gaineko kontrol demokratikoa —hauteskundeen bidezkoa— are gehiago gutxituko lukeela. Bestetik, luzerako proposamena dela, urteak beharko liratekeelako indarrean jartzeko, itunak aldatzeko... Eta krisia orain dago.

Eurobonuak. Goikoaren ondorioetako bat izan liteke eurobonuak sortzea. Hau da, euroaren eremu osorako zor bat jaulkitzea. Haren aldekoek diote interes tasa txikia izango lukeela, eurogune osoaren bermea izango lukeelako. Alemaniak, ordea, ez du hortaz hitz egin nahi, berak gehiago pagatzea ekarriko lukeelako. Uneotan, Alemaniak %1,8ko interesa pagatu behar du. Espainiak, %7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.