Goizeko seiak aldera autobus batek eta kamioi batek elkar jo dute Galdakaon, N-240 errepidean. Istripuan, bi ibilgailuetako gidariak hil dira. Autobus gidaria 31 urteko gizonezko bilbotarra zen. Kamioi gidariak 41 urte zituen, eta Valle de Menakoa zen (Burgos, Espainia).
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, autobusak ez zeraman bidaiaririk istripua gertatu denean.
N-240 errepidea itxita egon da goiz osoan, Galdakao parean, bi noranzkoetan. Ondorioz, auto ilarak eratu dira errepide horretan, eta zirkulazio arazoak A-8ra hedatu dira. Autobidean, 2 kilometroko auto ilarak sortu dira, Donostiako noranzkoan. ibilgailuak erretiratu eta errepidea garbitzeko lanak egin dituzte eguerdian, eta berriz ireki dute bidea.
Intoxikatuta, Loiun
15:30ean, berriz, beste bi langile topatu dituzte, hilda, Elotxerri auzoan, Loiu eta Sondika arteko errepidean. Furgoneta baten barruan agertu dira, eta uste da, atseden hartzen ari zirenean hil direla intoxikatuta, berogailua piztua zutelako. 32 eta 33 urteko bi gizonezko dira hildakoak.
Ertzaintzaren arabera lan istripua da, eta Osalanen esku utzi du auzia.
Lehen hipotesiaren arabera, bi gizonezkoak atseden hartzen ari ziren, eta lo hartu dute. Orduan, berogailuak isuritako gasarekin intoxikatu direla uste dute.