PREKARIETATEA

Lau langiletik bat dabil kontratu barik edo behin-behinekoarekin

Ekonomia «sendo» dagoela, baina ugazabak enplegu egonkorra «suntsitzen» ari direla gaitzetsi du ELAk

Erredakzioa
BILBO
2005eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Ekonomia ondo doa eta langabezia %5era jaitsi da hirugarren hiruhilekoan, bai, baina %30 jo du behin-behinekotasun tasak, aldi baterakoak dira egindako 100 kontratutik 92, Gizarte Segurantzatik at daude 50.000 behargin gutxienez eta lan istripu larriek ez dute etenik. Barne Produktu Gordinaren hazkundeaz haratago, Hego Euskal Herriko lan merkatuaren gaineko datu «etsigarriak» eman ditu ELAk.

Hemengo eta Espainiako estatistika erakunde ofizialen informazioan oinarritu da ekonomiaren egoera aztertzerakoan. Eta, ñabardurak ñabardura, egiaztatu du prekarietatea gora doala. Enplegu egonkorra suntsitzen eta behin-behinekoa sortzen ari dela. Irail hondarrean, aldi baterako kontratuarekin edo inolako kontraturik gabe zebiltzan lanean 303.200 herritar. Lau langiletik bat, hain zuzen.

Behin-behinekotasuna %2,5 hazi da bigarren hiruhilekotik hirugarrenera. Hedapen aurreko Europako Batasuneko 15 herrialdeen batez besteko tasa baino %17 handiagoa da Hego Euskal Herrikoa, eta gazteei eta emakumeei eragiten die bereziki: 25 urtetik beherako 100 gaztetik, 64k dute aldi baterako kontratua; 100 emakumetik 35ek. Areago oraindik, 857.795 kontratu berri izenpetu dira urtarriletik urrira bitartean eta, horietatik guztietatik behin-behinekoak izan dira 792.000 pasatxo.

Ugazabek apenas egin dituzte65.067 kontratu mugagabe. Datuok urtero-urtero errepikatzen direla eta langileak kontratatzeko orduan gertatzen diren «iruzur handiak» agerian uzten dituztela salatu du ELAk. «Administrazioak, ordea, ez du neurri eraginkorrik hartu obra edota zerbitzu kontratuen gehiegizko erabilera mugatzeko». Egongaiztasunari lotutako beste datu bat eman du ELAk: «Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen %12k gutxienez lanaldi partziala (aldi baterako edo txandakako kontratua) dutela jakinarazi du Espainiako Lan Ministerioak berak». Afiliatuak, denera, 1.216.300 herritar dira; %58,7 gizonak. Jarduera tasa 15en EBren batez bestekoaren pare dago. Hau da, lana daukate edo lanpostu bat modu aktiboan bilatzen ari dira lan egiteko adinean daudenen %70.

Ia 9.000 langabe gutxiago zeuden irail hondarrean

Kopuru osoetan ez, kopuru erlatiboetan dago aldea Hego Euskal Herriaren eta 15en EBren artean. Hemen, emakumeena baino %21 handiagoa da gizonen jarduera tasa (%80,7). Jauzia 16 puntukoa da Europan.

Langabeak iaz baino gutxiago dira Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian. Lan merkatuari buruzko inkestek 65.000 zenbatu dituzte hirugarren hiruhilekoan, 2004ko epe berean baino 8.900 gutxiago. Langabe kopuruak behera egin ahala, %5era jaitsi da langabezia tasa. Emakumeena eta gazteena hori baino handiago da, dena den: %6,3an eta %12,7an zeuden irail bukaeran, hurrenez hurren. Uztailetik urrira, zerbitzuetan aritu da langile gehien: 766.100, guztira. Sektore hori bakarrik hazi da (23.000 lanpostu berri). Ia 3.000 galdu dira eraikuntzan eta industrian, baina ekonomia sendo dago, ELAk emandako datuen arabera. Barne Produktu Gordinak gora egin du %3,7 Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta %3,3 Nafarroan 15en EBn baino bi puntu gehiago.

«Agian lan istripu arinak ezkutatzen ari dira»

Dirutza irabazten ari dira ugazabak, baina ez dute «nahikoa» inbertitzen prebentzioan. Lan istripu larriak «ia egunero» gertatzen direla salatu du ELAk: 341 zenbatu ditu urtarriletik ekainera eta, horietatik, hildakoak eragin dituzte 61ek. Iazko epe berean baino 19 gehiagok.

Azpikontratatzeko joerari eta lan erritmo azkarrei egotzi die odolustea, eta ez da erabat fio estatistika ofizialez. «Agian istripu arinak ezkutatzen ari dira: langile gehiago hil dituzte baina, aldi berean, gaixo aldi gutxiago eragin dituzte istripuek?».

 



-

'MOOBING' AFERAK



 

Batik bat emakumeei jazartzen zaizkie





Gutxienez langileen %8k moobing-a sufritzen dutela jakinarazi zuen Espainiako Laneko Jazarpenaren Aurkako erakundeak atzo Gasteizen. Iaz 400 epaiketa gertatu ziren eta, aurten, 2.208 salaketen berri jaso du jada. Ugazabak, ororen gainetik, emakumeei jazartzen zaizkie: «Lanean Administrazio publikoan dabiltzan emakumeei, hain zuzen ere». Edo, behintzat, emakume horiek dira salaketa gehien aurkeztu dituztenak. Enpresa pribatuetan, aldiz, antzinatasun handia duten langileen aurkako jazarpena da nabariena. Antsietatea eta depresioa eragiten ditu moobing-ak, besteak beste, eta erasoak jasan dituzten beharginenak gaixotasun profesional moduan hartzeko eskatuko dio Jazarpenaren Aurkako Erakundeak Espainiako Gobernuari. «Delitua behar du izan moobing-ak», dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.