Greba orokorra

Lau urtean zazpi greba orokor egin zirenekoa

Hego Euskal Herrian, 2013ko maiatzaren 30ean antolatu zuten sindikatu eta eragileek azken greba orokorra: Aurreko lau urteetan zazpi egin zituzten. Aurten, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere egin du bat, martxoaren 8an.

Sindikatuen eta eragileen elkarretratze bat, Bilbon, 2013ko grebaren atarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2019ko urriaren 23a
14:14
Entzun

2007ko krisiaren ondorengo urteetan, greba ugari egin zituzten langileek Hego Euskal Herrian, egoera sozioekonomikoak eta politikoak eraginda. ELAk, LABek eta beste sindikatu batzuek osatutako gehiengo sindikalak deitu zituen gehienak.

2009ko maiatzaren 21a. Krisi garaiko lehen greba orokorra, ekonomia hondoratzen ari zela. "Beste eredu sozioekonomiko bat" eskatu zuten ELAk, LABek eta harekin batera gehiengo sindikala osatzen zutenek. Patxi Lopez sozialista Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza eskuratu eta gutxira egin zenez, izan zuen interpretazio politikorik ere.

2010eko ekainaren 29a. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak indarrean jarri nahi zuen lan merkatuaren erreformaren aurkako greba izan zen. Bi deialdi izan ziren, ELAk, LABek eta, oro har, sindikatu abertzaleek egindakoa, batetik, eta CCOOk eta UGTk egindakoa, bestetik.

2010eko irailaren 29a. Lan merkatuaren erreformaren aurkakoa hura ere. Hego Euskal Herrian CCOOk, UGTk eta beste talde txikiagoek soilik deitu zuten, eta Nafarroan eta Araban izan zuen eragin handiena.

2011ko urtarrilaren 27a. PSOEren gobernuak pentsio sistema erreformatzeari ekin zion, erretiratzeko adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratzeko. Erreforma geraraztea izan zen grebaren helburua. Gehiengo sindikalak deitu zuen, baina ez, ordea, CCOOk eta UGTk, haiek adostu zutelako erreforma Madrilgo gobernuarekin.

2012ko martxoaren 29a. Azken urteotan egindako greben artean erantzunik handienekoa izan zen, Espainiako Gobernuak onartu berri zuen lan merkatuaren erreformaren aurkakoa. ELAk, LABek eta beste sindikatu txikiagoek deitu zuten grebara Hego Euskal Herrian, eta ondoren batu ziren CCOO, UGT eta beste batzuk ere, Espainiarako deialdia egin zenean. Industrian eta sektore publikoan ez ezik, merkataritzan ere oso erantzun handia izan zuen Hego Euskal Herri osoan, eta manifestazio jendetsuak izan ziren. Xuban Nafarrate gaztea zauritu zuten greba izan zen.

2012ko irailaren 26a. Murrizketen aurkako grebara deitu zuten ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, CNT, Hiru eta EHNE sindikatuek eta beste gizarte eragile batzuek. Ez zuen martxoko erantzunik izan, baina manifestazio jendetsuak izan ziren hiriburuetan. Espainiako Polizia oso gogor oldartu zitzaien Iruñeko manifestariei, eta Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua jo zuen.

2012ko azaroaren 14a. Goi Bilera Sozialak (CCOO, UGT, LSB-USO eta gizarte talde batzuek) deitutakoa, eta ESK, CNT eta CGTren sostengua izan zuena. Horrelako kasuetangertatu ohi denez, Nafarroan izan zuen eraginik handiena, Erriberan batik bat.

2013ko maiatzaren 30a. Azken greba orokorra izan zen. Hego Euskal Herriko greba orokorra ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru eta CNT sindikatuek deitu zuten Euskal Herriarentzat eredu ekonomiko eta sozial berria eta propioa eskatuz. Ez zuen jaso beste zenbait sindikaturen atxikimendua; esaterako, Langile Komisioak sindikatuarena, horren ustez negoziazio bidea ireki aurreko greba orokorrak sektore guztien arteko negoziazioa hautsi zezakeela baieztatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.