Laugarren hilabetez jarraian igo egin da langabezia

Urrian baino 1.133 pertsona gehiagok eman dute izena enplegu zerbitzu publikoetan

Miren Garate.
Donostia
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Azaroa ez da hilabeterik onena izaten enpleguarentzat. Aurtengoa ez da salbuespena izan. Urrian baino 1.133 langabe gehiagok eman dute izena Enplegu Zerbitzu Publikoen (SPEE) bulegoetan. Langabezia tasa %12,96ra iritsi da Hego Euskal Herrian.

Sektore guztietan gehitu da enplegurik gabekoen kopurua. Krisiak industriari egin dio kalterik handiena. Alabaina, azaroan, sektore horrek izan ditu emaitzarik onenak. 75 langabe gehiago izan dira; zerbitzuetan 144 langabe gehiago; nekazaritzan 190 gehiago eta eraikuntzan 341. Aurrez enplegurik ez zutenak dira gainerako 367 langabeak.

Confebask patronalaren esanetan, ekonomia gehiago hazten ez den bitartean, langabezia ez da jaitsiko. Enpresak ari direla enplegua sortzen azaldu du, Gizarte Segurantzan izena emandako kopurua igo egin delako. Postu berriekin alderatuta, ordea, gehiago izan dira zerbitzu publikoetara lan eske jo dutenak. Horregatik hazi dela langabezia aipatu du.

Lan erreformari kritika

ELAren arabera, lan erreformaren porrota erakusten duteSPEEren datuek. Behin-behinekotasun datuei erreparatu die. «Aurreko azaroan baino 3.534 kontratu gehiago sinatu dira, baina behin betikoak %6,7 soilik izan dira. Erreformak behin behinekotasuna murriztuko zuela zioten, baina kontrakoa ari da gertatzen».

Iritzi berbera du Euskadiko CCOOk. «Datuek erakusten dute iaz baino okerrago gaudela, eta lan erreformak langabezia handitzeko baino ez duela balio izan». Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak krisiari aurre egiteko gaur onartuko dituen neurrien aurka ere hitz egin du. «Bakar batek ere ez du balioko enplegua sortzeko», azaldu du.

Langabezia saria amaitu zaienentzat 426 euroko laguntza kentzea da Zapateroren proposamenetako bat. «Behar gehien dutenak marjinaziora eta pobreziara kondenatuko ditu», adierazi du UGTk.

Europako Batasuneko mailatik gora dago Euskal Herriko langabezia tasa.Urriko datuak eman ditu Eurostatek. Haren arabera, batez beste, %10,1ekoa izan da langabezia tasa 27 herrialdeetan. Espainia da emaitza txarrenak dituen herrialdea, %20,7ko tasa baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.