Laugarren hilabetez jarraian jaitsi egin da langabezia Hegoaldean

SPEEren arabera, guztira 166.773 pertsona ari dira enplegu bila, biztanle aktiboen %12,2

Miren Garate.
Donostia
2010eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Laugarren hilabetez jarraian, jaitsi egin da langabezia Hego Euskal Herrian. Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoetan (SPEE) 166.773 pertsonak zuten izena emanda uztail amaieran, aurreko hilean baino 509 gutxiagok. Dena den, ez da lau herrialdeetan jaitsi. Gipuzkoan, 194 pertsona gehiago ari ziren lan bila azken hilabetean, eta Nafarroan, 24 gehiago. Araban eta Bizkaian, aldiz, 398 eta 329 pertsona gutxiago.

Sektoreka, industrian jaitsi da gehien langabe kopurua. 980 pertsona gutxiagok jo dute SPEEren bulegoetara. Krisiak gehien eragin dion jardueratako bat izan arren, azken hilabeteetan suspertze zantzuak ematen hasi da enplegu aldetik. Eraikuntzan ere jaitsi da langabezia. Aitzitik, aurreko hilabeteetan ez bezala, zerbitzuetan gora egin du enplegu bila zebiltzanen kopuruak. 703 pertsona gehiago zenbatu ditu SPPEk; guztira, 102.438. Hain zuzen, sektore horretakoak dira Hego Euskal Herriko langaberik gehienak. Nekazaritza da langabezia igo den beste sektoreetako bat.

Aldi baterako kontratuak

SPEEren bulegoetan izena emanda daudenen artean, gehiago dira emakumeak gizonak baino. Aldea ez da handia, %51,71 eta %48,29koak dira portzentajeak. Krisia hasi zenetik, gizonen artean nabarmen gehiago handitu da langabezia tasa. Uztailean, ordea, alderantziz izan da.

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 59.000 langabek -ia guztien erdiek- uztailean ez dute inolako laguntzarik izan egoera horretan egon arren. Ekainean, 4.483 pertsona gehiagok jasotzen zuten prestazioren bat. Langabezian denbora asko daraman jendearen kopurua handitzen ari den seinale izan daiteke datu hori.

Uztailean egindako kontratuen berri ere eman du SPEEk. 88.923 egin dira, ekainean baino 2.393 gehiago eta iazko uztailean baino 3.423 gehiago. Horietatik %7 pasatxo izan dira behin betikoak, gainerako guztiak aldi baterako dira. Uda amaitu ostean, langabeziak berriro ere goranzko joera hartzea litekeena da, beraz.

Afiliatu kopurua behera

Gizarte Segurantzan izena emanda daudenen kopurua antzeko mailan egon da, ekainean baino hamabost afiliatu gutxiagorekin.Alabaina, 2009ko uztaileko datuekin konparatuta, badago aldea: 6.738 afiliatu gutxiago daude gaur egun; guztira, 1,2 milioi pertsona pasatxo. Horietatik ia %79k erregimen orokorrean kotizatzen dute; %19 langile autonomoak dira; nekazarien erregimenean kotizatzen dutenak %1era ez dira iristen.

Herrialdeka, Bizkaiak ditu Gizarte Segurantzara afiliatutako gehien. Gipuzkoak, Nafarroak eta Arabak jarraitzen diote.



Zenbakia

59.000

Kobratu ez dutenak. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak emandako datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 59.000 langabek ez dute inolako prestaziorik jasotzen, ia erdiek hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.