Laugarren saioa

2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egiteko asmoak aspaldikoak dira, 1990eko hamarkadakoak. Bat egiteko hiru saio serio izan dira, 2005ean, 2007an eta 2008an, baina porrot egin dute, arrazoi ekonomikoengatik baino gehiago, interes politikoengatik. Aurtengoa laugarren saioa da.

2005

Uztaila. BBK, Kutxa eta Vitaleko presidenteak bat-egitea prestatzen ari zirela zabaldu zen. PPk aurre egingo ziola iragarri zuen.

Iraila. Irala, Etxepare eta Rojo presidenteek gutun bat bidali zuten hedabideetara, bat-egitearen alde: Guztion onerako. Egitasmo hartan BBK-k kutxa berriaren ordezkaritzaren %50 zuen, Kutxak %35 eta Vitalek %15.

Urria. Adostasun politikorik ez zegoela argudiatuta, aurrezki kutxen bateratzea «epe jakinik gabe atzeratzea» erabaki zuen PSE-EEk. Erakundeen batzar orokorretan proiektua defendatu zuten presidenteek berriro.

2006

Apirila. Kutxak elkartzeko egitasmoa «bizirik» zegoela esan zuen Kutxako presidente Karlos Etxepare Kutxako presidenteak.

2007

Iraila. Proiektuari berriro heltzea eta kutxak elkartzeko prozesuan pauso bat aurrera emateko eskatu zuen Gregorio Rojo Vitaleko presidenteak.

Urria. Hiru presidenteek bat-egitea «atzeraezina» zela ziurtatu zuten. PSE-EEk kontra zegoela erantzun zuen, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren galdeketa argudiatuta.

2008

Iraila. BBK-k eta Kutxak batzeko prest zeudela esan zuten, une hartan Vital gabe, baina gero Vitalek ere bat egiteko aukerarekin. Rojok asmoa kritikatu zuen, «arduragabea» zela esanez.

Urria. BBK-ko eta Kutxako administrazio kontseiluek oniritzia eman zioten bat-egite proiektuari. Batzar nagusien babesa falta zen.

Azaroa. BBKren batzar nagusiak proiektuaren alde egin zuen; Kutxarenak, aldiz, kontra, lau botogatik. Teorian, bat-egitearen aldekoei —EAJri, funtsean— boto bakarra falta zitzaien batzar nagusia hasi aurretik, baina azken bozketan lau izan ziren. Orduan PSE-EE bat-egitearen kontra zegoen. Proiektu hartan BBK-k kutxa berriaren %60 izan behar zuen eta Kutxak %40.

2009

2008ko porrota mingarria izan zen BBK-ko eta Kutxako arduradunentzat. Proiektua lotuta zeukaten (izena eta logotipoa aurkeztu zituzten). Bat egiteko asmoak baztertu eta krisiari bakoitzak bere aldetik aurre egitea erabaki zuten.

201O

Uztaila. BBK-k CajaSur eskuratu zuen, bere tamaina nabarmen handituz.

Abendua. BBK-k onartu zuen Vitalekin hitz egiten ari zela, bat-egite hotza lortzeko. Kutxa bat-egite beroaren aldekoa zen.

2011

Otsaila. BBK eta Vital elkarteko egitasmoa bertan behera geratu zen, EAJk kontra egin baitzuen.

Martxoa. Mario Fernandez BBK-ko presidenteak Vitalekin bat egiteko aukerak indarrean jarraitzen zuela esan zuen. Kutxak ere bat egin zuen. Egun batzuk beranduago hiru kutxetako presidenteek bat-egite hotza egiteko akordioa aurkeztu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.