Lausenguak etxean, astindua kanpoan

Mariano Raxoik eta Espainiako erreformek nazioarteko prentsaren kritikak eta merkatuen kolpea jaso dituzteAutonomia erkidegoetako PPko agintariek murrizketak ezartzea hitzartu dute

jakes goikoetxea
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Mariano Raxoik Espainiako hauteskunde kanpainan behin baino gehiagotan esan zuen PPk irabazten bazuen Espainiak nazioartearen konfiantza berreskuratuko zuela eta egoera zuzentzen hasiko zela. Kargua hartu eta lau hilabete eskasetan greba orokor bati eta merkatuen eta nazioarteko komunikabideen astinduari aurre egin behar izan die. Baita erreskatea jasotzeko arriskuari buruzko albisteei ere.

Martxoaren 29an herritarrek estutu zuten Raxoi, lan erreformaren kontrako greba orokorrarekin. Aste honetan, merkatuen eta nazioarteko komunikabideen erauntsia jaso du.

«Zapaterok lau urte behar izan zituen nazioarteak bere gobernuarekiko konfiantza galtzeko; Raxoik lau hilabete eskas behar izan ditu zalantzak sortzeko», laburbildu zuen egoera Financial Times-ek herenegun.

Espainiak erreskatea beharko duela haizatu zuen TheNew York Times-ek, ostegunean, editorialean. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuetako egunkariak egoera okertzea leporatu die euroguneko agintarien kudeaketa txarrari eta gehiegizko neurritasun politikari. Alemaniari eta Angela Merkel kantzilerrari batez ere.

Orain arteko murrizketekin eta gehiago onartuta ere ez duela defizita agindutakoa adina murriztuko esan dio TheNew York Times-ek, ekonomia BPGaren %2 edo gehiago uzkurtuko delako aurten. Raxoik gastu publikoan egindako zenbait murrizketa kritikatu ditu, «zentzugabea baita iraganeko etxegintzako burbuila ordaintzeko etorkizuneko langileei huts egitea».

Wall Street Journal-ek ere erreskatearen mamua aipatu du, Espainiako finantza erakundeak Europako Banku Zentralaren (EBZ) diruarenmende daudelako. Nazioarteko finantzaketa iturriak itxita dauzkate. EBZk Espainiako finantza erakundeei utzitako diru kopuruak goia jo du martxoan: 316.300 milioi euro, azken hilabeteetako kopuruen bikoitza eta hirukoitza. EBZk martxoan utzitako 1,1 bilioi euroen %28.

EBZk emandako datuek hauspotuta, aste honetan Espainiaren arrisku sariak oinarrizko 400 puntuak gainditu ditu, eta 434 puntura iritsi da. Espainiaren hamar urterako zor bonuen interesak %6ko langa gainditu du. Garestiegi.

Espainiak, gainera, orain ez dauka duela hilabete batzuk zeukan aringarria, alegia, Italia okerrago zegoela. Grezia, Irlanda eta Portugalen ondoren, zerrendako hurrengoa Espainia da. Mario Monti Italiako presidenteak Raxoiri egotzi dio aste honetan Italiaren arrisku saria 400 puntutik gora igotzea ere. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen hauteskunde kanpainako argudio nagusietako bat da Frantzia Espainiaren pare egongo dela François Hollande sozialistak irabaziz gero. Gaizki, alegia.

Bilera Madrilen

Espainiako Gobernuko presidenteak aurrekontuetako murrizketak azaldu zizkien atzo autonomia erkidegoetako alderdiko arduradunei, Madrilen, alderdiaren egoitzan. Etxean jokatu zuen. Lausenguak baino ez zituzten jaso aurrekontuek (27.300 milioi euro gutxiago), defizita murrizteko konpromisoek, aurrekontuak egonkortzeko legeak eta hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan egingo dituzten murrizketek (10.000 milioi euro). PPren esku dauden autonomiak dira, hain zuzen, defizit eta zor publiko gehien pilatu dutenak.

PPko agintariek atzo konpromisoa hartu zuten «administrazio publikoen eta eskaintzen dituzten zerbitzuen erreforma argia eta sakona egiteko». Ez zuten gehiago zehaztu. «Krisiaren kontrako itun handia» deitu zion Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak.

Herritar guztiei oinarrizko gizarte zerbitzuak eta eskubideak bermatzea hitzartu dute, baina, era berean, onartu dute zerbitzuetako batzuk desagertu egingo direla, lehentasunak ezarri beharraz hitz egin baitute. «Bestela», esan zuen Cospedalek, «utzi diguten egoerarekin, ezinezkoa litzateke oinarrizko zerbitzu eta eskubide horiei eustea».

Espainiako Gobernuak oraindik ez du azaldu nola murriztuko dituen 10.000 milioi euro hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan. Osasun zerbitzuengatik edo medikuarengana joateagatik berriro ordaintzea aztertzen ari dira. Murrizketak argitzen dituztenean jakingo da ea Euskal Herrian eragingo duten.

Kazetariek PPrentzat lehentasun ez diren gastuen adibideak eskatu zizkioten Cospedali. PPko idazkari nagusiak erantzun zuen berarentzat 65 urtetik gorakoei doako garraioa kentzea ez dela gizarte eskubide bat kentzea, horrek edadetuentzako osasun zerbitzuari eustea ahalbidetzen badu. «Batzuek gizarte eskubide deitzen diete oparoaldian sortutako abantailei».

PSOEk abiatu zuen murrizketen bidea Espainian. Orain, PPrenak kritikatzen ditu. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uste du azken 70 urteetako «eraso basatiena eta nabarmenena» direla ongizate estatuaren kontra. «Alemaniarrak baino alemaniarragoak» izatea leporatu zion atzo Alfredro Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak PPri, aurrekontuen egonkortasun legearen bidez administrazioen defizita mugatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.