Espainiako Nekazaritza, Ingurumen eta Elikagai ministro Isabel Garcia Tejerina pozik agertu da bart Bruselan arrantza kuoten gainean hartu duten erabakiarekin. Izan ere, iragarri baino murrizketa txikiagoak adostu dituzte azkenean 2016ko arrantza kuotetan.
Esate baterako, legatz kuota ez da aurrez iragarri zen %60,5ekoa izango; 21,5ekoa baizik. Hala, datorren urtean 6.946 tonako kuota izanen du Espainiak.
Berdelaren kuotan ere murrizketa espero baino txikiagoa izango da, %40aren aldean %15 murriztuko baitute. Oilarraren kuotak, berriz, %1eko murrizketa izango du azkenean — %26 proposatu zuten—. Legatzarena izan da Europako Batasuneko ministroen arteko Bruselako bilkuran puntu gatazkatsuena. Espainiak atzo jada iragarri zuen ez zuela babestuko Bruselak eginiko lehen murrizketa proposamena.
Halaber, Espainiaren eta Frantziaren arteko akordio berri bat balego Bruselak Bizkaiko Golkoan arrantzatzen den antxoaren kuotak berrikusteko konpromisoa hartuko lukeela adierazi du Espainiako Nekazaritza ministroak.
Espainiarekin batera, Alemania, Frantzia, Portugal eta Suedia izan dira Bruselaren lehen proposamenekin ados ez zeuden estatuak.
"Urte zaila"
Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkueren iritziz, urte zaila izango da datorrena. Izan ere, murrizketak izango dira hainbat arrain espezieren kuotetan, antxoarena eta txitxarroarena bere horretan mantentzen diren arren. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek.