Gau osoa egin dute bilduta, eta goizeko zazpiak pasatxo zirenean jakinarazi dute akordioa lortu dutela. Ez da berria arrantza kuotei dagokien bilerak luzatzea, izan ere, eztabaida handiak eragiten dituen gaia da. Oraingoan, Espainia eta Frantziako ministroak izan dira Bruselak proposatutako arrantza kuotei kritika gehien egin dietenak.
Hasiera batean, legatzaren arrantza kuotak %30 jaistea zen Europako Batasunaren asmoa, eta horrek eragiten zuen euskal arrantzaleen kezka ere. Azkenean, ordea, jaitsiera iragarritakoa baino txikiagoa izan da, %12koa. Honekin laugarren aldia da legatzaren arrantza kuotak jaisten dituztela.
Gipuzkoako Kofradien presidente Eugenio Elduaienek, hala ere, albistea txarra dela nabarmendu du, nahiz eta kuota hasieran iragarritakoa bezain beste jaitsi ez.
Albiste hobeak dira txitxarroari dagozkionak. Izan ere, iragarritako proposamenari eutsi diote ministroek eta kuotak %21 igoko dituzte datorren urterako. Antxoa eta zapoaren arrantza kuotak, berriz, bere horretan geratuko dira.