Arrantza

Legatzaren kuota %5,5 murriztu dute Kantauri itsasoan

Brusela proposatzen ari zen %20ko jaitsiera %5,5koean gelditu da, azkenean. Sole Handian eta Bizkaiko Golkoko Frantziako uretan, ordea, %20ko jaitsiera aplikatuko da. Txitxarroaren kuota, berriz, %40,7 murriztu du Europako Batzordeak.

Berdela Ondarroako portuan. ASIER ALKORTA
xabier martin
2019ko abenduaren 18a
13:52
Entzun

2020. urterako arrantza kuoten inguruko akordioa egin dute Batasuneko Arrantza ministroek, eta itun horrek ez ditu albiste oso onak ekarri euskal arrantzaleentzat, denak txarrak ez diren arren. Batetik, Brusela proposatzen ari zen legatzaren %20ko murrizketari izkin egin diote Kantauriko itsasoan, eta %5,5ekoa baizik ez da izango kuotaren jaitsiera han. Iparraldeko legatzaren arrantzari, aldiz, iragarritako %20ko murrizketa aplikatuko zaio. Eskoziako, Irlandako, Sole Handiko eta Bizkaiko golkoko Frantziako uretan aplikatu da kuota apalago hori.

Legatzaren kuotaren jaitsierak Ondarroako ontzidian eragingo du batez ere, alturako ontzien espezie izarra izan baita legatza azken hamarkadetan. 13.000 tonako kuota izango du legatzak Bizkaiko golkoan (%19 gutxiago), eta 18.700 tonakoa Gran Solen (%20,6 gutxiago). Iaz, legatzaren kuota mantendu egin zen Kantauri itsasoan, aurreko lau urteetan jarraian murriztu eta gero —%51,5eko galera pilatu zuen urte horietan—, eta %22,7 igo zen Bizkaiko golkoan.

Arrantza itunak utzi du, ordea, albiste onik. Esaterako, berdelaren kuota %41 handituko da 2020. urtean, Kantauri itsasoan. Kostera garrantzitsuenetako da berdelarena baxurako ontzidiarentzat. Halaber, Bruselan adostutakoaren arabera, txitxarroaren kuotak jaitsiera handia izango du datorren urtean Kantauri itsasoan, %40,7koa hain zuzen. Ez da espezie garrantzitsuena euskal arrantzaleentzat, baina jotzen dute haren bila egun batzuetan.

Oilarra eta zapoa

Bestalde, zapoari eta oilarrari dagokienez, aurreko urteko kuotaren mailan utzi du Arrantza ministroen akordioak. Ipar stockean 950 tona izango du oilarrak, eta hegokoan, 1.728 tona. Zapoarentzat, berriz, 1.125 tonako kuota ezarri dute iparraldean, eta 3.475 tonakoa hegoaldean. 24 orduko negoziazio luzeen emaitza izan da itun hori, eta Luis Planas Espainiako Arrantza ministroarentzat, «bikaina» izan da legatzaren kuota Kantauri itsasoan «%5 baizik» jaitsiko ez duen akordioa. «Oso akordio ona da Espainiarentzat, arrantzaleen osotasunarentzat», esan du Planasek.

Euskal arrantzaleentzat ez dago aldaketa handirik, finean, baina legatzaren murrizketa Kantauri itsasoan ez da albiste ona. Kuotaz harago, ikusteko dago nola eragin dezakeen brexit-ak Europako Batasuneko arrantzontzietan; ezin da ahaztu, alegia, hilabete gutxi barru beste zartada bat jaso dezaketela euskal arrantzaleek.
 

Antxoa eta hegaluzea

Euskal arrantzaleentzat oinarrizko beste kostera batean ere murrizketak heldu dira. Antxoari dagokionez, %3,4 apaldu dute kuota, biomasaren gutxitze txiki baten berri izan ondoren. Horiek horrela, 2019an 29.770 tonakoa izan da antxoa kuota, eta datorren urtean 29.677 tonakoa izango da. Frantziari emango diote 100 tonako alde hori.

Hegaluzea ez da Bruselak ezartzen duen kuota, AANB Atlantikoko Atunaren Nazioarteko Batzordeak baizik, baina euskal arrantzaleak ez daude gustura Bruselak ez duelako babestu kuotaren %5aren igoera foro horrek Mallorkan (Herrialde Katalanak) egindako bileran; arrantzaleek diote zientzialariek babesten zutela neurri hori.

Bestalde, zigalaren arrantza debekaturik jarraituko du Kantauri itsasoan, 2020. urtean, eta lau urte beteko ditu itxiera horrek. Batzordeak Espainiarekin batera «lanean» jarraituko duela esan du zigalaren arrantza noiz zabaldu erabakitzeko. Planas ministroa ez da ausartu esaten 2021ean edota 2022an izango ote den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.