Legea moldatuz gero, hiru aurrezki kutxak bateratzea posible dela onartu du Rojok

Vital Kutxako batzarrean mezua egokitu eta ez du erabat baztertu Arabako erakundeak ere bat egiteko aukera

ERREDAKZIOA GASTEIZ
2008ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
BBK eta Kutxa bateratzeko proiektuaren berri jakin bezain pronto, Vital Kutxa ez zela operazio horretan «mezamutila» izango ziurtatu zuen Gregorio Rojo Vital Kutxako presidenteak. Aurrera begira ere proiektura sartzeko aukera baztertu zuen Rojok. Haatik, atzo Arabako aurrezki kutxako ohiko batzar orokorrean atea ez zuen zeharo itxi, bat-egiteari hainbat baldintza jarri zizkion arren.

Bost baldintza horiek ere aurretik aipatu ditu Vitaleko agintariak: parekotasuna, lurraldetasuna, proportzionaltasuna, aniztasuna eta Gizarte Ekintzaren deszentralizazioa. Bateratzeko prozesuan sartzea ere babesaren araberakoa izango dela ziurtatu zuen. «Pausoak emango dira hori bada arabarrek nahi dutena, eta Arabak eta kutxak nortasuna galduko ez dutela eta Vitalek marka galduko ez duela bermatzen bada».

Baldintza horiek guztiak oinarritzeko bidea ere argi du Rojok. Bat-egitea bideratzeko beharrezkoa da EAEko Kutxen Lege berri bat, eta arau horrek ezarri beharko ditu parekotasun, lurraldetasun eta proportzionaltasuna. «Operazioa ez da aurrera aterako erakunde berriaren agintaritza organoetan gizartearen pluraltasuna eta lurralde sentsibilitatea ez badira aintzat hartzen». Dagoeneko Kutxa berriaren finantza negozioa Bizkaian kokatuko dela erabaki dute, eta gizarte ekintza Gipuzkoan. «Zer geratzen da Arabarentzat?», galdetu zuen Rojok.

«Presa gehiegi»

Rojok ez daki BBK eta Kutxaren arteko operazioa aurrera aterako den edo ez, baina berriro ere erakundeetako hiru presidenteek finkatu zituzten baldintzak urratu direla adierazi zuen batzarrean. «Presa gehiegi eta azalpen gutxiegi egon dira», ohartarazi zuen Vitaleko lehendakariak bitarako bat-egitearen inguruan.

Edonola ere, Vital Kutxak bere bideari bakarrik heltzeko «behar adina gihar» duela ziurtatu zien Rojok kutxako kontseilariei. Arabako merkatuan, esaterako, %52 duela azpimarratu zuen.

Iraila arte kutxaren mozkin garbiak %8,68 handitu dira, 54 milioi euro. Gainera, mailegu operazioen estaldurari eusteko 38 milioi bideratu dituzte. «Kutxaren kaudimena mila milioi eurokoa da; edozein zorigaizto gainditzeko nahikoa».

Kutxako bezeroei ere lasaitasun mezua eman zien Vitaleko lehendakariak. «Vital Kutxak ez du inoiz maileguaren iturria itxi», ziurtatu zuen.



Nafarroako Kutxak 91 milioi euro eskuratu ditu Espainiako Altxorraren funtsetik

Euskal Herriko kutxek 320 milioi euro jaso dituzte Finantza Aktiboen Erosketako Funtsetik. Atzo jakinarazi zutenez, Nafarroako Kutxak (CAN) ere parte hartu zuen likideziaren enkantean, eta 91 milioi euro jaso zituen, %3,37ko interesekin. BBK-k 134 milioi bildu zituen, 50 milioi Kutxak eta 45 milioi Vital Kutxak.

Herenegun beste kutxek egin bezala, Nafarroako Kutxak ere ziurtatu du diru horren beharrik ez duela baina eskatu egin duela oso prezio onean eskaini diotelako. «Inork ez du lortu aurten merkatuetan epe horretara eta prezio horretan finantzatzea», azaldu du. CANen arabera, azken urtean maileguak %13 igo ditu eta jaso duen diruari esker, mailegu gehiago eman ahalko ditu. Espainiako Altxorrak 5.000 milioi eskaini zituen enkantean, baina 2.115 milioi soilik eman zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.