Enpresak

Legrandek ziurtatu du "behartuta" dagoela Iruñeko produkzioa lekualdatzera

Argudiatu du "programa sozial indartsua" prestatu duela Madrilera lanera joateko prest dauden langileei laguntzeko.

Legrandeko lantegia, Landabengo industrigunean (Iruñea). BERRIA
Berria.eus
2016ko otsailaren 23a
07:48
Entzun

Iruñeko Landaben industrigunean duen lantegia itxi, eta produkzioa eta lanpostuak Madrilera eramateko asmoa duela aurreratu die beharginei Legrand enpresak. Langile batzordeak ohartarazi du 33 lanpostu arriskuan daudela lekualdatzearen ondorioz, eta mobilizazioak eta lanuzteak hasi ditu horren aurka.

Frantziako multinazionalak adierazi du ez duela beste aukerarik, higiezinen krisiaren eta eraikuntzaren susperraldi faltaren ondorioz. "Produkzio soberakin handia dago Iruñeko lantegian, Espainiako beste lantegi batzuek bere gain har dezaketena", azaldu du enpresak, Europa Press agentziak bildu duen ohar batean. Tegui enpresa erosi zuen Legrandek orain dela hamabost urte, eta izen bereko atezain automatikoak ekoitzi ditu Landabenen orain arte.

Iruñeko produkzioa Madrilera lekualdatuko du enpresak, Torrejon de Ardoz herrian duen lantokira. Zuzendaritzak lanpostu guztiei eusteko konpromisoa agertu die langileei, eta Madrilen lanpostu bat bermatuko zaiela ziurtatu die. Horretarako plan sozial "indartsua" eskainiko du. "Etxez aldatzeko konpentsazioa izango da: alokairua urtebetez ordainduko zaie langileei, eta laguntza profesionala emango zaie senideak edo bikotekidea laneratzeko", zehaztu du enpresak. Plan horrek 21.000 euroko laguntza izango luke langile bakoitzeko, zuzendaritzaren arabera.

Enpresaren asmoak salatu ditu langile batzordeak. Sindikatuen ustez, Iruñeko lantegia bideragarria da, eta azken urteetan irabaziak izan ditu. Madrilen eskainitako lanpostuei dagokienez, salatu dute ez dutela Iruñekoekin inolako zerikusirik izango. ELAk bi ordezkari ditu batzordean, eta LABek bakarra.

Langileek mobilizazioak antolatzeari ekin diote, lekualdatzea eskatuko duen erregulazio dosierraren kontra. Atzo eta gaur ordubeteko lanuztera deitu dute, enpresan dauden hiru lan txandetan. Bihar, berriz, hiru orduko lanuztea egingo dute, eta elkarretaratzera deitu dute Lan Ordezkaritzaren aurrean. Nafarroako Gobernuko Industria Sailarekin ere premiazko bilera eskatu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.