Pobrezia

Lehen etapa osatu du 'Prekaritatearen eta pobreziaren kontrako martxak'

Bi zutabek egin dute: batak, Ermua eta Zornotza artekoa, eta besteak, Arrasate eta Bergara artekoa.

Martxaren burua, gaur, Ermuan. ARITZ LOIOLA, ARP
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 11
21:48
Entzun

Hainbat eragile sozial eta sindikalek bat egin dute Prekaritatearen eta pobreziaren kontrako martxan. Deitzaileek azaldu dutenez, "pobreziaren aurkako neurriak exijitzea" eta bide horretan "konpromiso instituzional argia" lortzea du helburu martxak. Hilaren 20ra bitartean iraungo du: Iruñean bukatuko da, manifestazio batean. Bi zutabek ekin diote martxari: lehen etapan, bi zutabe izan dira, bata Ermuatik abiatuta, Durangora eta ondoren Zornotzaraino, eta Arrasatetik Bergarara bestea.

Martxaren bidez, Gune plataformak ekonomiari buruzko goi bileran Bilbon abiatutako bideari jarraipena eman nahi diote antolatzaileek. Gainera, martxa amaitu eta bi egunetara, martxoaren 22an, Madrilera joango da Gune plataforma, "duintasunaren aldeko" manifestaziora.

"Euskal Herrian pobrezia badago, eztabaida instituzionalean agertu ez arren, eztabaida instituzionala baldintzatzen ez duen arren, baina langile askoren errealitatea baldintzatzen ari da; gero eta sektore gehiagotan dago pobrezia", adierazi du LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. Pobrezia ez da existitzen "egoera ekonomiko txar baten ondorioz", dio, "krisiaren aurrean egiten ari diren politiken ondorioz baizik". Horren aurrean, alternatiba eraikitzea beharrezkoa ikusten du Etxaidek, "lana eta babes soziala" sortuko dituena: "Gizartearen gehiengo handi baten beharrak eremu ekonomikoak dioenaren gainetik jartzea da alternatiba".

Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkariak ildo berean hitz egin du, eta mobilizaziorako deia egin du: "Murrizketak ez dira amaitu, eta datorrena oso gogorra izango da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.