Lehenengo harria, Ezkerraldean 2.000 lanpostu sortzeko 2033rako

Parke teknologiko bat eraikiko dute Abanton, 4.0 industria ardatz izanik, eskualdeko enpresak indartzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak EIC energia zentroa jarriko du bertan

Arantxa Tapia, Javier Zarraonandia, Unai Rementeria eta Iñigo Urkullu, atzo, Abanton. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Zuzeneko 2.000 lanpostu sortzeko iragarpena egiteak oihartzun berezia hartzen du langabezia tasa handienetakoa daukan eskualdean eginez gero. Zer esanik ere ez, Eustaten arabera %18,7ko langabezia tasa daukan herrian eginez gero adierazpena, hain zuzen ere Ezkerraldeko Abanto herrian (Bizkaia). Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Parke Teknologikoaren lehen harria jarri zuten, atzo, Abanton, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, bi eskualdeetako alkateen aurrean. 2020ra bitartean 26 milioi euro inbertituko dituzte parke teknologikoa eraikitzeko. Agindu zutenez, martxa betean egongo denean, hamar edo hamabost urte barru, zuzeneko 2.000 lanpostu sortuko ditu.

Parke teknologikoa epe luzerako apustutzat jo dute bi instituzioek, baina uste dute parkearen eraikuntza hasteak berak «dinamika aldaketa bat» ahalbidetu dezakeela eskualdeko enpresen jardueran. Hain zuzen ere, konpainia industrialen sarea gehien mintzen ari den eskualdean, bi erakundeen helburua da, parke teknologikoaren bidez, «enpresek 4.0 industriaren jarduera berrietara salto egitea, Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat jo dituen sektoreetara, hiru ardatz lehenetsiz: fabrikazio aurreratua, energia, eta osasunaren eta biozientziaren sektorea».

Parke berria, hain zuzen, 4.0 industrian eta fabrikazio aurreratuan espezializatuta egongo da, eta 505.361 metro koadroko azalera izango du. Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak espero dute 2033rako 50etik gora enpresa aritzea lanean bertan, eta denen artean 800 milioi eurotik gora fakturatzea.

Etorkizunerako zubi

Unai Rementeriak bere «konpromisoa» nabarmendu du, Bizkaiko Diputazioak Ezkerraldearekin eta Meatzaldearekin daukana. Hori frogatzeko, azaldu du hain zuzen ere Abantoko parke teknologikoan ezarriko duela EIC Energy Intelligence Centerren egoitza nagusia.

Bizkaiko Aldundiaren ekinaldi izarra da EIC energiaren sektorean: energiaren arloko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko lidergoa bultzatzeko zentroa da. Ahaldun nagusiak uste du EIC «energia» izango dela Ezkerraldearentzat eta Meatzaldearentzat ere: «Zubi bat izango da, eskualde honen iragan industriala eta etorkizun industriala lotuko dituena».

Abantoko alkate Maite Etxebarriak deritzo «ekonomia aurreraturako trenera igotzeko aukera» emango diola parke teknologikoak eskualdeari, eta langabezia tasa txikitzeko balioko duela, «zeina egiturazko arazo bihurtu baita».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parke teknologikoetan 530 konpainia daude guztira, horietatik 255 Bizkaian. Denera 17.000 pertsonak egiten dute lan parke teknologikoetan, eta bertako enpresek, urtero, 515 milioi euro inbertitzen dituzte I+Gn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.