Egungo gizarteratze errenta aldatu eta lehengo oinarrizko errenta berreskuratzeko lege proposamena tramiterako onartu du Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzordeak. Irakurraldi bakarreko eta larrialdiko prozedura erabilita tramitatuko dute. EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bai dira ekimenaren sustatzaileak, eta, besteak beste, gutxieneko errolda eskakizuna hamabi hilabetera murriztea eta 65 urtetik gorakoei ere onuradun izateko aukera ematea proposatzen dute.
Nafarroako Gobernuak 2012an jarri zuen indarrean gizarteratze errenta. Besteak beste, laguntza jasotzeko baldintzak gogortu zizkieten atzerritarrei, aurreko bi urteetan Nafarroan bizi izan direla frogaraziz —oinarrizko errentarekin urtebetekoa zen gutxieneko epea—. UPN, PSN eta PPren babesekin atera zen aurrera lege berria.
Orain, PSNk esan du lege aldaketa baten alde dagoela, baina zenbait puntu "eztabaidatu" egin beharko direla. "Ezin gara arduragabeak izan; inguruko erkidego batzuetan 36 hilabeteko errolda ere eskatzen dute", adierazi du Santos Cerdan bozeramaileak. Hori da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasua. Halaber, lege berriak izango lukeen kostuaren gaineko "azterketa zorrotza" eskatu du.