Giro oldarkorra atzo Bilbon. Lehoia jan nahi zuena, lehoiak jana. Giro zuri-gorria, frontoietan errebotea aulkiz betetzen deneko egun horietakoa, bai burtsan bai kanpoan. BBVA (+%2,34) eta Santanderrek (+%3,85) lehoi irribarrea erakutsi zuten egunean. Aldiz, arratsaldeko zazpiak inguruan, burtsa itxita zela, S&P rating agentziak perspektika txartu zien biei, egonkorretik negatibora. Ehiztari artean lehoiak tentuz ibili beharra duela, alegia. 1.968 milioiren salerosketan pozezko orroak ozen entzun ziren arren (%5na pasa irabazi zuten Ferrovial eta Tecnicas Reunidasek; %4na Sacyr, Popular eta Repsolek), gaur EBZk interes tasak jaistea ezinbestekoa izango da.Mozkinak lortzeko lehiaketa, bistan da, ez da oraindik amaitu. Txina, AEB eta Erresuma Batuarengan esperantza jartzerik badago. Baina atzerritarren eskariaz landa, Europa bertako eskariaren harrobia ere zaindu beharko da. Vinci edo Alstomek %11na pasa irabazi zuten; Arcelorrek %12,39.
Rating agentziak. Rating agentzien erabakiek burtsako epai edo norabidea jarraitzen duten edo, alderantziz, rating agentziaren erabakiek eragiten duten berau, ohiko zalantza da. Gaur ikusiko da Santander edo BBVAren perspektiba txartzeak eragin gehigarririk ba ote duen akzioongan, burtsa itxi ostean jakin baizen hori. Popular bankuari rating edo kaudimen kalifikazioa jaitsi izanak, ordea (atzo eguerdian jakinarazi zen), ez zion itxuraz kalterik eragin: %4,58 irabazi zuen eta galdu beharrekoak galduak zituela dirudi. Rating agentzia burtsaren atzetik iritsi dela, alegia.
Lehoiarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu