Mondragonen aurkako epaiketa

Lekukoak bat datoz Mondragonek ez zuela Fagor Etxetresnen kudeaketan esku hartu esatean

Hasi da Mondragon korporazioaren aurkako epaiketa, Bergaran. 957 bazkide ohik 48 milioi euro eskatzen dizkiote Mondragoni.

Demandatzaileak Bergarako epaitegiaren atarian zain. XABIER MARTIN, @XABIER_MARTIN
xabier martin
2018ko maiatzaren 7a
07:25
Entzun

Urrian bost urte beteko dira Fagor Etxetresnak hondoratu zela, baina mamua balitz bezala itzuli da berriro gaur. Bergarako epaitegiak Mondragon korporazioaren aurkako salaketa kolektiboaren epaiketa hartuko du gaur hasi eta lau egunez. Ordaindu eta Eskuratu taldeetako 957 bazkide ohik 48 milioi euro eskatu dizkiote Arrasateko industria taldeari; Fagor Etxetresnen benetako egoera «ezkutatu» egin ziela diote, eta porrotarekin batera galdutako borondatezko ekarpenak, maileguak eta menpeko ekarpenen dirua berreskuratu nahi dute. Mondragonek behin eta berriro esan du ez duela inolako erantzukizunik gertatutakoan, eta «zentzugabekeria» dela edozein ardura Fagor Etxetresnetatik kanpo bilatzea. Mondragon bera da kooperatiba ohiak utzitako hartzekodunik handiena.

Epaiketa bertatik bertara kontatzen ari da Xabier Martin.

SALAKETA

Fagor Etxetresnak zenaren 885 bazkide ohi aktibo eta inaktiboek (3.600 zeuden) eta bazkideen 70 bat oinordekok salaketa kolektiboa egin diote Mondragon korporazioari, enpresaren porrotak utzi zien galeraren arduradun delakoan. Enpresa horri egindako borondatezko ekarpenak, maileguak eta derrigorrezko ekarpenak itzultzeko eskatu diote: guztira, 48 milioi euro. Ia 22 milioi borondatezko ekarpenei dagozkie; hamasei inguru, mailegu finantzarioei; eta beste zazpi milioi, derrigorrezko ekarpenei.
 

SALATZAILEEN ARGUDIOAK

Ordaindu eta Eskuratu taldeetan bildutako salatzaileek diote «Mondragon korporazioaren jarrerei kalte egin ziela» haien interesak, Fagor Etxetresnak konkurtsoan sartu baino bi urte lehenagotik. Mondragonek «dirua berreskuratzea oztopatzeko mezuak» eman zituela diote, eta Tulankide korporazioaren barne aldizkarian, eta urteko memorian argitara emandako zenbait informaziori erreparatzen diete. Mondragonek «engainatu» egin zituela uste dute, Fagor Etxetresnak eta Edesa «ez zituela erortzen utziko» helarazi zuelako; erorketa hori ekiditeko «laguntza ekonomikoa» emango zuela esan zuen korporazioak, salatzaileen arabera. Mezu horiek sinetsita, «bizitza osoko aurrezkiak» kooperatiban uztea erabaki zutela diote salatzaileek, «enpresak hartzekodunen zorrei aurre egiteko ondasun nahikoak zituenean berreskuratu beharrean». Mila miloi euroren zorra utzi zuen kooperatibak, eta 9.000 hartzekodun.
 

MONDRAGONEN ARGUDIOAK

Mondragonek dio bazkide guztiek ezagutzen zutela porrot egindako kooperatibaren egoera txarra, eta beren inbertsioak arriskuan zeudela; edonola ere, enpresak berak eman zien informazio zuzena bere bazkideei, eta ez Mondragonek. Urte askoan inbertsio horien interesak jaso zituztela ere gogoratu du eta, konkurtsoa iritsi baino hilabete gutxi batzuk lehenago, Mondragonek 70 milioi euroren mailegua eman ziola kooperatibari. Taldeko beste enpresetako bazkideek beren gerrikoa estutu, eta horrelako mailegu bat eman eta gero, Fagor Etxetresnetakoek nola aterako ote zuten dirua galdetu du. Barne aldizkarian eta memorian Fagor Etxetresnen zuzendaritzak «igorritako informazioa besterik ez» dela argitaratu dio, eta ez datozela bat bi urtez bazkideak engainatu izana eta hartzekodun nagusia Mondragon bera izatea 331 milioi euroren zorrarekin. Diru hori galdu du Arrasateko taldeak «beste kooperatibek elkartasun gisa eman zutelako, Fagor Etxetresnen egoera bideratzen saiatzeko».
 

LEKUKOAK

Mondragon taldeko azken urteotako arduradun gehienak eseriko dira lekuko gisa, egungo presidente Iñigo Uzin salbu. Uzin ere lekuko izan zedila eskatu zuten auzi jartzaileek, baina Arantxa Laskurain idazkari nagusia joango da haren ordez. Lehen egunean, era berean, Jose Mari Aldekoa eta Txema Gisasola presidente ohiak ariko dira. Fagor Etxetresnen arduradun nagusia ere izan zen Gisasola, kooperatibak Frantziako Brandt erosi zueneko garaian. Haiekin batera eseriko dira Fabian Bilbao, beste zuzendari ohi bat, eta Belen Kortabarria korporazioko finantza arduradunetakoa bat. Asteartean, berriz, etxetresna egilearen krisiaren ostean Mondragonen lema hartu zuen gizonak erantzungo die galderei, Javier Sotilek, baita Eroskiko presidente Agustin Markaidek ere, baina hark ere Mondragonen edukitako goi karguari lotua betiere. Halaber, Javier Retegi kontseilu errektoreko presidente ohia eta Ana Mari Beristain kooperatiba desagertuaren zuzendari izandakoa eseriko dira. Hirugarren eguneko saioan, Fagor Etxetresnak konkurtsora jotzean haren lema zutenak ariko dira, Xabier Bengoetxea arlo sozialeko burua eta Sergio Treviño zuzendaria, gaur egun Cevitalen ari dena, konkurtsoan Frantziako Brandt bereganatu zuen multinazionala. Azken egunean ondorioen irakurketa egingo dute.
 

ZER DIO JUSTIZIAK?

Justiziak utzi ditu zenbait irizpide gaiaren inguruan, hain zuzen, kooperatibaren konkurtso garaian. Hasteko, konkurtsoa ezustekotzat jo zuen, auzi jartzaileek erruduntzat jotzeko eskatu arren. Konkurtsoa «era egokian» aurkeztu zela esan zuen Jose Malagon epaileak, Mondragon atzeratzen saiatu zelako teoriaren aurka. Kausa ekonomikoek eragin zuten konkurtso hori, epaileak esan zuenez, eta ebatzi zuen Fagor Etxetresnak kooperatibak ez ziela ezkutatu informazio finantzarioa bere bazkideei, ezta beste hartzekodunei ere. Baina auzi honetan gako izan daitekeen aldagai batean ere sartu zen epailea: Mondragoni atxikitako kooperatibak «independenteak eta autonomoak» direla ebatzi zuen, Mondragon ohiko holding bat dela baztertuta. Finean, epaileak garbi esan zuen Fed. eta Edesa kooperatibetan beren organoek hartzen zituztela erabakiak, kanpoko esku hartzerik gabe.
 

ZER DAGO JOKOAN?

Diruaz gain, Mondragon taldearen DNA bera dago jokoan, industria talde kooperatiboaren funtzionatzeko era, funtsa. Ordainduk eta Eskuratuk Mondragoni eskatzen diote dirua, baina, hura ez denez holding bat, Mondragon osatzen duten beste kooperatiba autonomoetako bazkideei eskatzen ari zaie.
 

NOLA DAGO ENPLEGUA?

Porrot egitean 1.895 langile ari ziren etxetresna egilean, Euskal Herrian. LagunAro BGAEk lortu du langabeziara joandako langile horien %97k lanpostu berria edukitzea edo erretiroa hartzea. Gehienak lanpostu iraunkorra daukate Mondragon taldeko kide diren beste kooperatibetan, baina badira behin-behinean ari direnak ere, betiere LagunArok erantzun iraunkorra emateko zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.