Londresek EBko elikagaientzako mugako kontrolak atzeratu ditu

Inflazio handiari aurre egiteko hartu du neurria. 2024ko urtarrilean sartuko dira indarrean, eta ez urriaren 31n, aurreikusita zegoen bezala

Kamioi bat Doverko portura iristen. NEIL HALL / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak berriz atzeratu ditu Europako Batasuneko elikagaientzako mugako kontrolak. Horren bidez, hango enpresei «aldaketara prestatzeko denbora gehiago» eman nahi die, eta, batez ere, herrialdeko inflazio handiari aurre egin nahi dio. Kontrolak urtarrilean hasiko dira, eta ez urriaren 31n, aurreikusita zegoen bezala. Erresuma Batuak 2021eko urtarrilean utzi zuen merkatu komuna, eta bost aldiz atzeratu du elikagaientzako aduanak jartzea. Aitzitik, Bruselak berehala jarri zituen Erresuma Batutik EBra garraiatzen diren salgaientzat.

Londresek uste du kontrolekin lotutako izapide burokratikoek jakien prezioak igo ditzaketela, EBtik datozen produktuen eskaintza murriztuko delako. Brexit-aren lehen hilabeteetan eta pandemia garaian hornidura arazoak egon ziren Erresuma Batuan; gaur egun ez dago halakorik, baina elikagaiak asko garestitu dira. Iazko udazkenean eta aurtengo neguan %10-11 artean kokatu zen inflazioa. Azkenengo hilabeteetan behera egin du —%6,8ra uztailean—, baina gobernuak kezkatuta jarraitzen du, eta mugako kontrolak atzeratzea erabaki du.

Dena den, enpresak kexu diraatzerapenek desabantailan jarri dituztelako herrialdeko ekoizleak EBkoen aldean. Erresuma Batutik Europarako elikagaien esportazioak %50 murriztu dira. «Uste dugu kontrolek onura handiak ekarriko dizkiotela Erresuma Batuko ekonomiari eta merkataritzari. Trantsizio honetan, gobernua prest egongo da enpresak laguntzeko», adierazi du Lucy Neville-Rolfe Kabinete ministroak.

Gobernuaren planen arabera, elikagaiek urtarriletik aurrera Erresuma Batuko osasun baldintzak bete beharko dituzte herrialdean sartzeko. Apiriletik aurrera, kontrol gehiago ezarriko ditu, eta horiek EBko inportazio guztietara zabalduko ditu 2024ko urrian.

Otsailean, Londresek eta Bruselak Ipar Irlandako mugari buruzko akordioa itxi zuten. Ipar Irlanda EBren aduana batasunean geratzen dela ziurtatzeko —Stormonteko ituna errespetatzeko—, Irlandara eta Britania Handira doazen salgaiak bereiziko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.