Lopezek aurkeztutako zerga igoera baztertu du Bilbaok, neurri «populista» delako

Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden gizarte laguntzak murriztea ere gogor kritikatu du ahaldun nagusiak

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia atzo egindako agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Patxi Lopez lehendakariarekin bildu eta biharamunean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak «etsipen eta desilusio» sentipena adierazi zuen Lopezekin izandako bileraren inguruan. Euren eskumeneko laguntza sozialak jaistea eta zergak herritar guztiei igotzea proposatu zion lehendakariak. Eta, Bilbaoren ustez, neurri horiek «ez diete erantzuten Bizkaiko beharrei».

Zergak igotzearen neurria estrategia «populista» gisa izendatu zuen ordezkari jeltzaleak. Martxan jarriko balitz, gainera, euskal ekonomiari eragin «kaltegarria» egingo liokeela uste du. Lopezek «analisi okerra» egin du, Bilbaoren hitzetan; izan ere, erakundeek diru gutxiago biltzen dute, jarduera ekonomikoa gutxitu delako, eta ez zerga tasak jaitsi direlako. «Gaixorik dagoen beste behi bat jeztea ez da irtenbidea, ez baitu esne gehiagorik emango. Lehenengo, behia sendatu behar da», Bilbaoren hitzetan.

Horretaz gain, gizarte laguntzak jaisteko nahia herritarren bizkarretik egin nahi izatea ere leporatu dio Bilbaok Lopezi. Horregatik, asmo hori Legebiltzarrean aurkeztea proposatu dio ahaldun nagusiak, «herritarrei azaldu diezaiela euren asmoa». Bizkaiako Diputazioak bere menpe dauden laguntza sozialak mantenduko dituela jakinarazi zuen Bilbaok.

Espainiako Gobernuak orain dela urtebete kendu zuen ondarearen gaineko zerga, eta Lopezek berrezartzea proposatu zuen. Bilbaoren ustez, hori kaltegarria izan liteke, zerga helbideen mugikortasuna librea delako. Hori dela eta, «diru gehiago bildu beharrean, gutxiago bilduko da». Argudio bera erabili zuen Bilbaok errenta zerga puntu batean igotzearen aurka azaltzeko. Gaur egun, %45ean dago, eta kopuru horretatik igoko balitz, «deslokalizaziora» bidera litezke zerga helbideak.

Desadostasunak desadostasun, lan politikan, gizarte eta osasun arloetan, garraiobideetan eta Urdaibairen biziberritzean ados jartzeko aukera dagoela uste du Bilbaok.

Aurkako adierazpenak

Jose Antonio Pastor Bizkaiako PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, Bilbaok «gezurra» esan du asteazkeneko bileraren inguruan. Adierazpen horiekin, Bilbaok «krisia betikoek ordaintzen jarraitzeko duen asmoa estali nahi izan du». Era berean, bere negozioei eutsi nahi izatea egotzi dio EAJri.

Bizkaiako Bilduk «diskurtso populistetan ez murgiltzeko» eskatu dio ahaldun nagusiari, eta zerga sistemaren erreforma «erantzukizunez» har dezala. Kontraesana iruditzen zaio, era berean, EAJk BEZaren igoera onartzea eta lan errentak babesteko neurrien eztabaidan ez sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.