Bizkaiko aurrekontuak

Lortu dute akordioa EAJk eta PPk Bizkaiko aurrekontuak aurrera ateratzeko

PPk eman du akordioaren berri. Esther Martinezek, alderdi horrek Bizkaiko Batzar Nagusietan duen bozeramaileak, emango ditu bihar akordioari buruzko xehetasunak.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko urtarrilaren 24a
19:03
Entzun

EAJk eta PPk lortu dute akordioa Bizkaiko aurrekontuak aurrera ateratzeko. PP alderdiak eman du akordioaren berri, aurrekontu horiek aurrera ateratzea ahalbidetuko duen akordioa bihar sinatuko dutela jakinaraziz eta ondoren Esther Martinez bozeramaileak xehetasunen berri emango duela argituz.

Hori da Bizkaiko aurrekontuak onartzeko egindako azken urratsa, baina azken aurrekoa goizean egin dute Gernikan. Bi osoko zuzenketa zituen jasota EAJren proposamenak —Bildurena eta PSE-EErena—, eta EAJk eta PPk atzera bota dituzte biak.

Jeltzaleen 22 botoak ez ziren nahikoa Bildu eta PSE-EEri aurre egiteko. Oposizioak bat eginez gero, aurrekontuen proposamena atzera botatzeko arriskua zuen.

EAJ eta PPren artean azkenaldian egin dituzten bileren ondoren, PPk ez zuela proposamenaren aurka bozkatuko jakinarazi zuen atzo. PPren abstentzioa espero zen, beraz, horrekin nahikoa baitzuen EAJk. Baina haratago joan da PP. Bere botoak EAJrenera batu ditu. Bi osoko zuzenketen aurka bozkatu dute PPren zortzi batzarkideek, EAJren 22ek bezala.

Hamabi ordezkari ditu Bilduk. PSE-EEk, bederatzi. Horiek ere bat egin dute zuzenketaren batek aurrera egiteko saioan, baina ez da nahikoa izan. Bilduren osoko zuzenketak aurkako 30 boto jaso ditu, eta aldeko hogei. PSE-EErenak, kontrako 30 eta aldeko hemeretzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.