Ezina, ekinez egina, dio esaerak. Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren esanetan, ordea, ekintzaileak falta dira, eta daudenek nahiko lan dute ezinei aurre egiteko. «Gaur egun, premia ez da aldaketarako akuilu, lozorroan gaude bizi dugun ongizateak eraginda», esan zuen atzo Donostian. «Gure izaera ekintzailea moteldu egin da». Ibarretxek atzera egin zuen, XV-XVIII. mendeetara, euskal herritarren ekintzaile espiritua nabarmentzeko. «Ez da erraza ekintzailea izatea globalizazioaren garaian, baina ez da duela ehun urte baino zailagoa», esan zuen.
Enpresa berritzaileren bat sortu eta garatu nahi dutenei laguntzeko beste ekimen bat aurkeztu zuen atzo EAEko lehendakariak: Ekintzaile XXI funtsa. Miramongo parke teknologikoan egin zuen aurkezpena, arrisku kapitalari eta enpresa berritzaileei buruzko jardunaldi batean.
Ekintzaile XXI funtsa bost milioi eurorekin abiatuko da, baina diru kopuru hori handitu egingo dute, aurkezten diren proiektuen kopuruaren arabera. «Proiektuak behar ditugu enpresa berriak eta berritzaileak sortzeko eta garatzeko», esan zien Ibarretxek jardunaldian bildutakoei.
Proiektu bakoitzean 100.000 eta 500.000 euro artean inbertitzea aurreikusi dute. Enpresa proiektuen lehenengo urratsetarako emango dute dirua, «urrats zailenetarako». EAEko Arrisku Kapitaleko Sozietateak kudeatuko du Ekintzaile XXI funtsa.
Enpresa bat sortzeak arriskuak ditu. Enpresa berritzaile bat sortzeak, gehiago: hasieran inbertsio handiagoa eta denbora gehiago behar da errentagarri egiteko. Askok porrot egiten dute lehen urteetan. Ibarretxek lehen hiru urteetako heriotza tasa handia nabarmendu zuen. Besteak beste, «diru funtsak ez direlako ekintzaileen premietara egokitzen». Horregatik sortu dute Ekintzaile XXI.
Javier Etxarri EVCAko idazkari nagusiak parte hartu zuen atzo Miramongo parke teknologikoan antolatutako jardunaldian. Europako Arrisku Kapitalaren Elkartea da EVCA. Haren esanetan, datozen urteetan diru gutxi egongo da ekintzaileentzat proiektu berriak abiatzeko eta arlo horretan ekimen publikoa «funtsezkoa» izango da.
Baina diruaz gain, kalitateko dirua eskatu zien Etxarrik erakundeei: «Kalitate gehigarria duen dirua izan behar du, diruaz gain sareak sortzeko gaitasuna ere eskainiko duena: ekintzaileenak, parke teknologikoenak, business angels-enak... Bertakoenak eta nazioartekoak».
Etxarrik ikuspegi globala izateko eskatu zien ekintzaileei: «Geografikoki eta teknologikoki lokalak diren enpresak gai dira munduan lehiatzeko».
'Aingeruen' babesa
Ekintzaile XXI ez da Eusko Jaurlaritzak ekintzaileak laguntzeko azkenaldian iragarri duen neurri bakarra. Eusko Jaurlaritzak, Adegi, Cebek eta SEA patronalek eta SPRIk ekainean sinatu zuten hitzarmena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako business angels-en (negozio-aingeruak) sarea sortzeko. Ekimenari Ban Euskadi izena eman diote.
Business angels-ena ekintzaileek diru iturri pribatuak lortzeko modu zaharra eta zabaldua da, Ameriketako Estatu Batuetan batez ere. Ekintzaile edo kudeatzaile gisa arrakasta lortu eta proiektu berrietan parte hartu nahi duten pertsonak dira: dirua inbertituz eta beren ezagutza eta kontaktuak eskainiz. Ban Euskadiren sustatzaileek harremanetan jarri nahi dituzte arrakasta lortu duten ekintzaileak edo kudeatzaileak eta ekintzaile gazteak.
Gaur egun premia ez da aldaketarako akuilu, lozorroan gaude ongizate gizarteak eraginda»
juan jose ibarretxe
EAEko lehendakaria
«Geografikoki eta teknologikoki lokalak diren enpresak gai dira munduan lehiatzeko»
JAVIER ETXARRI
EVCAko idazkari nagusia
«Lozorrotik» atera eta ekintzaile izateko eskatu du Juan Jose Ibarretxek
Eusko Jaurlaritzak bost milioi euroko funtsa eratu du, enpresa berritzaileak sortzen laguntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu