Baina ez dute espero horrek luzaroan irauterik; izan ere, petrolioaren balioaren gainbehera galarazteko hartu dute ekoizpena jaisteko erabakia LPEEko kideek. Egunean 1,5 milioi upel gutxiago ekoiztea ekarriko du horrek: %5 gutxiago. Orain, 28,8 milioi upeletan daukate muga, eta 27,3 milioi upeletaraino jaitsiko dute. Neurri hori azaroaren 1etik aurrera jarriko da indarrean, etaurte amaierarako daukate muga horretara iristeko asmoa.
Prezioak egonkortzeko bidea jarri arren, ez zen hori islatu atzo petrolioaren eguneko kotizazioetan; kontrakoa gertatu zen: Brent upela, zein Europarako erreferentziatzat hartzen den, hiru dolar jaitsi zen,62,33 dolarrera, eta Texas upela bi dolar, 65,38 dolarrera.
Brent upelaren prezioa inoizko mailarik gorenera iritsi zen uztailean: 147 dolarrera. Ordutik, baina, %67 jaitsi da haren balioa, eta hein handi batean, hori izan zen LPEEko kideek ezohiko bilerara deitzeko arrazoietako bat. Hasiera batean, azaroaren 18an egitekoak ziren, baina upelaren balioa 70 dolarren azpitik erori zenean, atzora aurreratu zuten.
Eskaerak behera egitea izan da petrolioa merkatzeko arrazoi nagusia. Txakib Jelil LPEEko presidente eta Aljeriako Energia ministroak azaldu duenez, finantza krisia ekonomia errealean eragiten hasi da, eta energia kontsumoa moteldu du. LPEEk eginiko kalkuluen arabera, egunean eskaera 400.000 upel handitzea espero dute aurten, eta datorren urtean zertxobait igotzea: eguneko 700.000 upeletaraino.
Bileraren ondoren, murrizketaren aldeko ez zirenen kritikak iritsi zitzaizkion LPEEri. Erresuma Batuak onartu zuen atzoko erabakiak prezioak garestitu beharrean egonkortzeko balioko zuela, baina etsigarritzat jo zuen, petrolio merkeak ekonomiari lagundu bailiezaioke.
Abenduan, Aljerian
Atzoko prezioaren jaitsieraren ondoren hurrengo bilera Oranen egingo dute (Aljeria), abenduan. Hainbat adituren esanetan, baliteke bilera horretan murrizketa gehiago erabakitzea. Rafael Ramirez Venezuelako Petrolio ministroaren arabera, neurriok nahikoa izango dira prezioen jaitsiera geldiarazteko.Hala ere, ondoren erabakiren bat hartzeko merkatuaren joerari begiratu behar zaiola uste du: «Lehendabizi egonkortu dadila petrolioaren prezioa, eta gero ikusiko dugu zer egiten dugun».
Ramirezen ustez, urre beltzaren prezioak80 dolar eta 100 dolarren artean egon beharko luke: «Inori ez dio mesede egiten prezioen gainbeherak, ezta 140 dolarreko balio batek ere».
LPEEko buruek petrolioa ekoizten duten beste herrialdeei ere -Errusia, Norvegia, Mexiko...- produkzioa jaisteko deia egin diete: alde batetik, eskaera jaitsi delako, eta bestetik, finantzen egoerak ere ondorioak ekarriko dituelako, bankuak izozten ari baitira petrolioaren merkaturako beharrezkoak diren hainbat kreditu. Datorren urtean herrialde horiek eguneko milioi bat upeleko eskaera izango dutela kalkulatu du LPEEk.
Errusiaren eskutik iritsi zen lehenengo erreakzioa, Energia Ministerioak petrolioaren datuak eman baitzituen atzo. Horien arabera, aurten iaz baino 1,7 milioi upel -milioi bat tona- gutxiagoekoitziko dituzte. «Urte bukaerarako 490 milioi petrolio tonara iristea espero dugu; iaz 491 milioi litro atera genituen», esan zuen Vitali Karaganov Energia Ministerioko Petrolio eta Gas Ataleko buruak.
Urre beltza Errusiako BPGren %8,8 izan zen iaz; aurten, berriz,%11,2 izatea espero dute, eta datorren urtean, %9,1.
Erregaia merkatu da, baina petrolioa baino motelago
Avia zerbitzuguneetan, 1,327 euro balio zuen gasolioak uztailean, eta orain, 1,057 euro;%20 merkatu daA. Amas
Petrolioaren prezioak jaitsiera nabarmena izan du uztailetik: orduan 147 dolarreko preziora ailegatu zen, inoizko altuenera, baina ordutik nabarmen jaitsi da: batez beste %67. Baina berdin gertatu al da gasolina zerbitzuguneetan?
Esergui taldea da Avia gasolina zerbitzuguneen banatzailea Gipuzkoan, eta horren arabera, nabaritu da erregaia merkeago dagoela, baina argi utzi nahi izan du upelaren prezioaren jaitsierak eta igoerak ez direla maila berean islatzen gasolioan eta gasolinan, «erregaiaren prezioaren %50etik gora zergen arabera zehaztuta baitago».Horrez gain, diru sistemak ere eragina baduela azpimarratu du: «Petrolioa dolarretan kotizatzen da, eta horren balioa azkenaldian indartu egin da zertxobait euroaren aldean».
Avia gasolina zerbitzuguneetan %20 merkatu da erregaiaren prezioa uztailetik. Orduan 1,269 euro balio zuen litro gasolinak, eta 1,327 euro gasolio litroak. Orain, ordea, 1,037 eta 1,057 balio du litroak, hurrenez hurren.
Nahiz eta erregaiaren prezioaren jaitsiera berri ona izan poltsikorako, oraindik ere nahikoa uzkur dago kontsumitzailea. Eserguik azaldu duenez, jende gutxiago joan da zerbitzuguneetara krisi ekonomikoaren eraginez. Horren kalkuluen arabera, munduan %6-%7 inguru jaitsi da erregaiaren kontsumoa.
620 euro aurreztu
Hala ere, badira erregaia salbuetsi ezin duten sektoreak; garraioarena edo arrantzarenak esaterako. Esteban Muruamendiaraz Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko kideak esan duenez, merkeago dago gasolioa: nazioartean ibiltzen den kamioilari batek 5.000 litroko biltegia betetzeko 6.520 euro behar zituen uztailean, eta urrian, berriz, 5.900 euro; ia 620 euro aurrezten du. Egun, 1,107 euro ordaintzen du litroarengatik, eta uztailean, 1,304 euro.
Dirua aurrezten dela nabarmena da, baina oraindik ere erregaiaren prezioa garesti dagoela uste du Muruamendiarazek. Bezeroekin prezioak hiru hilabetean behin errebisatzen dituzte; horregatik, batez bestekoak hartzen dituzte kontuan. Uztaileko datuek aurreko hiruhileko batez bestekoa asko igoarazi zuten: 1,225eraino. Urteko batez bestekoa, berriz, 1,180 eurokoa da.
Arrantzaleei ere erabat eragiten die gasolioaren prezioak. Josu Ezenarro Getariako (Gipuzkoa) Elkano Kofradiako idazkariak dioenez, esplotazioaren ia %80 da. Ez du gasolioaren merkatzearen inguruko daturik eman, baina nabaritu dutela azaldu du. Hala ere, ez nahi bezainbeste, prezioak oraindik «oso-oso garesti» daudela azaldu baitu. Prezioek maila horretan jarraituz gero jarduerari eusteko zailtasunak izango dituztela esan du: «Guretzat 30 zentimotik gora dagoen guztia oso garestia da».