Petrolio ekoizpena berehala eguneko 500.000 upeletan handitzea erabaki zuen atzo LPEEk, eta atea zabalik utzi apiriletik ekainera artean antzeko beste igoera bat egiteko. Ez da ohikoa petrolio esportatzaileen kartelak Irango Isfahan hirian hartutako erabakia. Normalean, ekonomia handietara udaberria iristean ekoizpena murriztu egiten du LPEEk.
Baina aurten ez dirudi petrolio eskarian jaitsierarik datorrenik, eta prezioekin berdin gertatzen da. Atzo bertan, LPEEren goizeko erabakiaren ondoren, eguerdian, AEBetako gasolinaren eta beste petrolio destilakinen erreserbak nabarmen murriztu direla jakin zen. Berehala, Londresen inoizko prezio handienera iritsi zen Europan erreferentziatzat hartzen den Brent upela, 54,95 dolar. Aldi berean, Atlantikoaren beste aldean Texak upelak ere goia gainditu zuen, 56,40 dolarreraino. Apirilerako Brent upelak 54,80 dolarrean itxi zuen eguna, eta Texas-ak 56,46an.
«Guk prezioak 40 eta 50 dolar artean nahi ditugu», esan zuen atzo Saudi Arabiako petrolio ministro Ali al-Naimik. Tarte hori jo zuen egokitzat munduko ekonomiaren hazkundea babesteko. West Texas Intermediate (WTI) upela 55 dolarren inguruan garestiegi dagoela uste du Naimik.
Egungo ekoizpenaofizial egin
Atzoko erabakiarekin, LPEEren ekoizpena eguneko 27,5 milioi upeleraino igo da ofizialki. Baina herrialde horiek jada kopuru hori ekoizten dute, 27,65 milioi upel iturri zenbaiten arabera. Kontutan izan behar da, kuota ofizialetatik at, erakunde barruan dagoen Irakek eguneko bi milioi upel inguruko ekoizpena duela.
Gauzak horrela, LPEEk Isfahanen egindako mugimenduaren ondorioak mugatuak izango dira, finean, egungo ekoizpena ofizial bihurtu besterik ez delako egin. Hala ere, zenbait adituren arabera, lasaitasuna ekarriko du merkatuetara. «Ez ditu prezioak merkatuko, baina egonkortasuna ekarriko du, upela prezio estratosferikoetara igotzea saihestuko du», New Yorkeko St. Johns Universityko irakasle Anthony Sabinoren arabera.
Udaberria heldu eta eskaria ez jaistearen arrazoietako bat da azken egunetan Mendebaldeko herrialdeek jasan duten eguraldi hotza. Baina, zenbait analisten arabera, amaitu dira ipar hemisferiora hilabete beroak iristen zirenean eskariak behera egiten zuen garaiak. Izan ere, Txinaren pizkunde ekonomiko ikusgarriaren erregaia eguneko zortzi milioi petrolio upel dira.
Eskariaren arazoa, ordea, areagotu egin daiteke epe oso laburrean. Ali al-Naimik ere ohartarazi du eskariari begira, urteko hirugarren eta azken hiruhilekoaren artean, udazkenetik negura, «jauzi handi bat» egon daitekeela eskarian, «eguneko 2,7 milioi upelekoa».
Eta aditu gehienen ustez, egungo egiazko ekoizpena handitzeko LPEEren gaitasuna mugatua da. Ahalmena, orotara, eguneko 1,5 milioi upel gehiagokoa litzateke. Hots, hori baino gehiago ezingo lukete ekoitzi, azpiegituren gabeziarengatik.
Saudi Arabiako petrolio ministro al-Naimik gogoratu du, hala ere, bere herrialdeak baduela plan bat, petrolioa ekoizteko ahalmena gaur egungo eguneko 11 milioi upeletatik (10,5 milioi beste iturri batzuen arabera) 12,5 milioi upelera handitzeko 2006-2009 urteetan.
Petrolioaren egungo prezioen errua ez dela ekoizleena bakarrik esan zuen atzo LPEEk. Epe ertainerako eskariari buruzko kezkak, herrialde kontsumitzaileetako findegien eskasia, eta eperako merkatuko espekulazioak ere aipatu zituzten.
Hurrengo bilera ekainaren 7an du egitekoa LPEEk.
PETROLIOAREN GARESTITZEA
LPEEk ekoizpena handitu arren, petrolio upela garestitu egin da.
AEBetako gasolina erreserben jaitsiera nabarmenak 54,95 dolarrak ukitzeraino eraman du Brent upela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu