Petrolioa

LPEEk eta aliatuek oraindik ez dute adostu upel gehiago ekoiztea

Zurrumurruek diote Saudi Arabiak eta Errusiak adostu dutela ekoizpena bi milioi upeletan handitzea, modu mailakatuan. Baina Arabiar Emirerri Batuak ez daude ados gehikuntza horren banaketarekin, eta negoziazioak beste egun batez luzatu dira.

Khurais petrolio ustiategia Arabiako basamortuan, Riadetik 160 kilometrora. HALI HAIDER / EFE
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 1a
21:29
Entzun

Beti da garrantzitsua petrolioaren prezioa, bai hura ekoizten dutenentzat, baita kontsumitzen dutenentzat ere. Inflazioarekin kezka dago hor dago, lehengai askoren hornikuntza arazoen eta prezio garestien ondorioz datorrena, eta upelaren prezioak horretan guztian eragin itzela izan dezake. Horregatik zen bereziki garrantzitsua LPEEren eta bere aliatuen atzoko bilera. Hala ere, azkenean ostiral honetara arte itxaron beharko da kartelak, Errusiak eta beste aliatuekpetrolio ekoizpena handitzen jarraituko duten ala ez jakiteko.

Bazirudien dena lotuta zegoela, Saudi Arabia eta Errusia ados zeudela ekoizpenaren gehikuntza mailakatuarekin jarraitzeko. Horren arabera, eguneko 400.000 upel gehiago merkaturatuko lirateke abuztuan, eta hortik aurrera hilero beste hainbeste gehiago, abenduan bi milioi upeleko gehikuntza iristeko.

Nahikoa?

Baina, dirudienez, beste kontu batzuekin nahastu dira LPEE+ delakoan. Zenbait iturriren arabera, Arabiar Emirerri Batuak, Irak, eta Kazakhstan ez daude konforme bakoitzari esleitutako gehikuntzekin, eta presio egiten ari dira, aldaketetarako.

Zaila dirudi horrek erabat oztopatzea ekoizpen gehikuntza; hala ere, ikusi beharko da zer gertatzen den bihar. Dena den, gehikuntza nahikoa ote da prezioak baretzeko? Ezetz dirudi. Bi milioi upeleko hazkundearen zurrumurruekin petrolio gerokoak %3,7 garestitu ziren New Yorken.

Analisten arabera, merkatuek uste dute igoera horrekin LPPEren eta Errusiaren asmoa eskaintzak uzkurtuta jarraitzea dela, ez dituela bereziki kezkatzen datozen asteetan upela 80 dolarren inguruan edo gora ibiltzeak.
Neurri batean, karteleko herrialdeek eta beste bazkideek zuhurtasunez jokatu nahi dutela. Izan ere, pandemia garaiotan ez dago ezer erabat ziurtatuta. Txertoen eta delta aldaeraren arteko lasterketarekin, baldintzapean dago oraindik herrialde askotako errekuperazio ekonomikoa.

Irani eta AEBei begira

Ziurgabetasuna pizten duen beste aldagai bat Iran da. Herrialdea eta AEBak hartu-emanetan hasi dira itun nuklearra berreskuratzeko, eta akordioa lortuko balute, Iranen gaineko zigorrak altxatuko lirateke, eta herrialdearen petrolioa atzera normaltasunez merkaturatuko litzateke. Praktikoki eguneko bi milioi upelen gehikuntza Iranen itzulerak beteko luke. Balizko akordioak atzeratu egingo luke ere pandemiaren hasieran 2020ko apirilean kartelak hitzartutako hamar milioi upeleko murrizketaren azkenburuko epea, 2022ko apiriletik abendura. Horrekin legoke lotuta Emirerrien atzoko jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.