ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuetako ordezkariek elkarretaratze bat egin dute gaur Laudion (Araba), Frias baso enpresaren aurrean, salatzeko enpresa horretako behargin bat lanean hil zela atzo Luiaondon (Araba), zuhaitz batek jota. Langilea gizonezkoa zen, Zeanurikoa (Bizkaia), eta 40 urte zituen.
Sindikatuek nabarmendu dute langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriek duten garrantzia, eta horretan gehiago inplikatzeko eskatu diete enpresei eta administrazioei, «lanetik bizirik itzultzeko eskubidea bermatzeko». Azaldu dute protestan segurtasun neurriak hartu dituztela. Bestalde, Laudioko Udaleko bozeramaileen batzarrak ohar bat zabaldu du langilearen senitartekoei haien dolumina erakusteko.
Protestan, sindikatuek gogorarazi dute gaur bete direla hiru hilabete Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak Zaldibarko zabortegiko luizian (Bizkaia) desagertu zirela.