“Hitzarmenen ultraaktibitatea ez da epe kontua, borondate kontua baizik”. Sektoreko hitzarmenak berritzeko garaian Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak euren esku zegoen guztia egin dutela adierazi du. “Ez dugu soldata jaitsierarik proposatu. Are gehiago, lanaldia eta soldatak mantentzeko proposamenak egon dira mahai gainean”. Eta horiek izan dira, patronalaren esanetan, sindikatuek erortzen utzi dituzten hitzarmenak. Eta horren arrazoia sindikatuei egotzi die. Joko arau berria “ez onartzea” leporatu die, eta lan erreformak biltzen zituen zenbait puntu —ultraaktibitatea eta hitzarmenak ez betetzeko aukera— bertan behera uzteko exijitu izana. “Enpresariok egoera bakoitzeko legeak onartu ditugu”, gogorarazi die.
Sindikatuen jarrerak salatzeko garaian, ELA eta LABentzat izan ditu hitzik gogorrenak. “ELA Gipuzkoako gehiengoa duen hamar hitzarmenetan ez da mahaian eseri ere egin, eta, ondorioz, hitzarmenak bertan behera geratu dira baldintzak negoziatu ere egin gabe”. LABentzat hitz goxoagoak gorde ditu, “azken egunotan malgutasun zantzuren bat azaldu” duelako. Hala ere, bi sindikatuei galdera egin die: “Zergatik utzi dituzte erortzen Espainiako baldintza hoberenak zituzten hitzarmenak, enpresarien proposamen orokorra baldintza horiek mantentzea izan baldin bada?”. Baldintza onenak izan arren, lan gatazka gehien egon den erkidegoa ere bada EAE, eta hori ulerkaitza da Lujuarentzat. Orain, lan gatazkak areagotzeko mehatxuaren aurrean, eskaera bat egin du: “Lan gatazken igoeraren partez, zentzu gehiago egon dadila”.
Eta hori da enpresarien aldetik zabaldu nahi duten mezua, lasaitasuna. Orain arte euskal enpresariak “zuhurrak eta erantzuleak” izan direla gogorarazi die, eta aurrerantzean ere horrela jokatzeko deia egin du. “Enpresariei dei egiten diet erantzukizunez joka dezaten egoera berrian, eta pertsonekin hitz egin dezatela”. Lan amildegiaren teoria sindikatu batzuen marketin estrategia bat dela salatu du Confebaskeko presidenteak, eta ildo horretan enpresariak “arbuiatzeari utzi behar zaiola” aldarrikatu du. “Estatuaren langabezia mailarekin alderatuta erkidegokoa hamar puntu behetik egoteak garbi erakusten du enpleguaren alde egin dugula”. Horregatik, errespetua eskatu dio gizarteari.