Arto hazi egileen sindikatuak Aiziritzeko (Nafarroa Beherea) Lur Berri kooperatiba blokeatu du gaur goizean, Olivier Gemin zuzendariaren jarrera salatzeko. "Diktadura" bat ezarri izana leporatzen diote; langileek salatu dute berak hartzen dituela erabaki guziak. Joan den abenduaren 20an, Olivier Antonin arto hazi saileko zuzendari ordea kanpo ematea erabaki zuen Geminek; horrek lehertu du egoera. Gaur goizean, hogeita hamar bat laborarik kooperatibaren sartzea blokeatu dute, Gemin diktadurari ez, langileak = nagusiak lelopean.
Joan den apirilean iritsi zen Antonin Lur Berri kooperatibara, eta laborariak eta langileak pozik ziren berekin zuten harremanaz. “Zinez gizon baliosa da, laborariengandik eta pertsonengandik hurbil. Erraza zen berekin mintzatzea, proiektu anitz bazuen", esplikatu du Olivier Auzqui laborariak. Baina zuzendari ordea eta Gemin zuzendariaren artean harremanak txartu dira azkenaldian, eta eguberri aitzin, zuzendari ordea kanporatzea erabaki zuen Geminek. Ondorioz, sail horretan ez da gehiago zuzendari orderik. "Ofizialki erran dute ez dituela bere helburuak bete, baina badira batzuk aise lehenagotik hor direnak eta ez dituztenak helburuak bete, eta horiek ez dituzte kanpo eman", deitoratu du Auzquik.
Langileen hitzetan, Lur Berriko Administrazio Kontseiluak eta Sauveur Urrutiagerre lehendakariak beti utzi izan diote nahi duena egiten Gemin zuzendariari. Langileak kexu dira nola ematen dioten hainbeste botere. "Laborariek beti negar egin behar dugu zerbait lortzeko", salatu du Olivier Ausqui laborariak Euskal Irratietan. "Lur Berri kooperatiba bat da, alta, dena Olivier Gemin zuzendariak erabakitzen du". Bere hitzetan, ez da lehen aldia Geminek halako kanporatzeak erabakitzen dituela. "Ez bazara ados berekin kanpo emaiten zaitu", salatu du. Langileen artean beldur giroa zabaldua dela iradoki du.
Lehengo astean Eric Narbaits izendatu zuten Lur Berriko lehendakari berri gisa, eta laborariek hitzordu bat eskatu diote egoera aipatzeko. Gaur goizean, Sauveur Urrutiagerre lehendakari ohia eta Gemin zuzendariarekin bilkura egin dute protestan ari diren laborariek, baina ez dituzte haien eskaerak onartu. Oraingoz, blokatzea ekintza bertan behera uztea erabaki dute, eta heldu den astelehenean sindikatuaren bilkura egitekoa dute, hemendik aitzina egitekoa gogoetatzeko.