"Terrorismoa" finantzatzea egotzita, blokeo ekonomikoa ezarri zioten Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek iazko ekainean. Handik gutxira iragarri zuen Qatarrek gas ustiapena handituko zuela, 77 milioi tonatik ehun tonaraino.
Herrialdea 1961etik da LPEEko kide. Bazkiderik txikiena da, bai tamaina kontuan hartuta eta bai biztanleriari dagokionez. Aldiz, bera da munduko gas esportatzailerik handiena, eta bera da munduan gas erreserbarik handiena duten herrialdeetan hirugarrena.
Hala, alor horretan inbertsio handiagoak egiteko nahia argudiatu du Dohak, LPEE uzteko erabakia iragarrita. Saad al Kaabi Energia ministroaren esanetan, jakinarazia diote erabakia erakundeko idazkari nagusiari: "Gasaren alorrean jarri nahi ditugu indarrak. Gardenak izan nahi dugu; ez dugu nahi inork ezustekorik hartzea".