Behorlegiko kasko batean, pentze bat bada, borda berria, borda zaharra eta etxolarekin, harresiz inguratua, eskualde hartako bertze pentze anitz bezala. Lur Hats elkarteak hantxe antolatuko du bere besta, irailaren 7an. Elkarteko kide batek zuzenean lotu zuen mendiaren entretenimendua Ipar Euskal Herrian suterik ez gertatu izanarekin. Laborariak eta abereak badirelako daude mendiak garbi eta horregatik du suak bazka eskas. Laborarien beharra oroitaraziko dute bihar zortziko bestan.
Laborariak behar, bainan laborariak eskas. «Ez da laborari seme eta alabarik aski izanen Ipar Euskal Herriko etxalde guztien segida hartzeko» azaldu zuen Andde Dubois ELBko kideak. Egoera horri buru egiteko sortu zen Lur Hats proiektua, duela bost urte. Berez laborantza mundutik heldu ez ziren hamar bat lagun elkartu ziren, jarraipenik gabe zeuden laborantza lurren segida hartzeko xedearekin. Zazpi lagun instalatu ziren etxalde batean.
Ez da hain erraza, ordea. Lurren prezioek arazoa sortzen die laborantzari lotu nahi duten gazteei. Eta diru laguntzen lortzeak ere traba ugari ditu, are gehiago adin muga bat gainditzen dutenentzat.
Etxaldeen jabeentzat ere ez da beti erraza izaten, Nadine Dumontek esplikatu zuenez. Hiru hektareko lur bat bilatzen du, sendabelarrak lantzeko. Euskal Herrian etxearekiko atxikimendua handia da eta etxearen jabeek nekez utz dezakete beren etxea erretretan sartzen direnean. Lur baten bila dabiltzanek hori ongi ulertzen dute. Bainan behiak edo ardiak hazten direnean, laborari batentzat komeni da haietatik hurbil egotea. Cecile Lepecheur Haltsun bizi da. Bere ahuntzak Aiherran ditu eta Kanbon biperrak ekoizten ditu.
Hala ere, hamar bat gazte etxalde bati lotzeko prest daude. Lur Hatsen egitasmoari bidea errazteko asmoz, hainbat ekimen abiatuko dituzte. Ipar Euskal Herriko baserri eremuko jendea «sensibilizatu nahi dute instalazioaren erronketaz». Horiez gain, hautetsiengan ere informazio lan bat burutu nahi dute. Irailaren 7ko egunean erakusketak, azokak, lekukotasunak, bideoa eta abar antolatuko dituzte, helburu horrekin.>
Lurrik gabeko laborariak instalatzen lagundu nahi ditu Lur Hats taldeak
Besta antolatuko dute Behorlegin irailaren 7rako, laborarien beharra eta segidarik gabeko etxaldeetan berez laborariak ez direnak instalatzeko premiaz ohartarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu