Ekonomia

Lurrikara Suitzatik

Ustekabean, SNB banku zentralak bertan behera utzi du frankoa euroari lotua izateko politika, eta anabasa eragin du dibisa merkatuetan.

Ivan Santamaria.
2015eko urtarrilaren 16a
12:12
Entzun

Munduko banku zentral nagusien ezaugarri preziatuena konfiantza da. Mugimenduak ondo neurtu eta fidagarritasunez egingo dituzten ustea. Talde horretan dago SNB Suitzako Banku Zentrala. Gutxienez, atzo arte. Izan ere, dibisa politikan goitik beherako aldaketa bat erabaki dute bankuko agintariek, eragile oro ustekabean harrapatuta.

Franko suitzarra eta euroa lotzen zituen trukea bertan behera uztea izan da erabaki funtsezkoena. 2011. urtean frankoak gero eta balio handiagoa zuen, euroarekin alderatuz. Igoera gelditzeko, trukea euroko 1,20 frankotan geratzea erabaki zuen SNBk, horretarako behar beste euro erosita. Normalean, diru batek balioa galtzea eragozteko esku hartu ohi dute banku zentralek, baina Suitza kasu berezia da, finantza arazoak daudenean frankoa inbertsio segurutzat jo ohi dutelako inbertitzaile gehienek.

Dibisen munduan asko da dibisa baten trukea egun bakar batean %2 edo %3 aldatzea. Bada, erabakia jakinarazi bezain pronto, frankoaren balioa %30etik gora igo zen, euroarekin edo dolarrarekin alderatuta. Egunak aurrera egin ahala, goraldia leundu zen, baina %10etik gora indartuta amaitu zuen eguna.

SNBk argudiatu du truke finkoa erabaki zeneko egoera aldatu egin dela. Hots, euroa merkatu dela, dolarrarekin alderatuz, eta, harekin batera, franko suitzarra. Aipatu gabeko beste arrazoi bat egon liteke, ordea. EBZ Europako Banku Zentralak herrialdeen zor publikoa erosten hasteko programa handi bat iragar lezake datorren astean. Hala bada, euroaren balioa gehiago jaitsiko da, eta inbertitzaile gehiagok nahiko dute frankoa. Eskala handia espero denez, SNBrentzat ezinezkoa izan liteke trukeari eustea Suitzako ekonomiari kalterik egin gabe.

SNBren jokaldiak ustekabean harrapatu ditu merkatuko eragile guztiak. Suitzako burtsaren indize nagusia, SMI, %8,8 erori zen, aurretik zituen galera handiagoak apur bat arinduta. Laburrera jokatzen duten inbertitzaileei galerak eragingo dizkie aldaketak.

SNBren erabakiak bestelako ondorioak izango ditu. Esaterako, Suitzaren esportazioak garestiago bihurtuko ditu, bereziki herrialdearen bazkide nagusia den eurogunera. Swatch konpainiako zuzendari nagusiak, Nick Hayek-ek, ondo laburbildu zuen enpresa esportatzaileen haserre bizia. "Tsunami bat da esportatzen duen industriarentzat eta turismoarentzat, eta, azken finean, herrialde osoarentzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.