Ekonomia

Luxenburgok balio gabe utzi du EBk Inteli jarritako 1.600 milioi euroko isuna

Europako Batzordeak 2009an ezarri zion isuna AEBetako konpainari, ordura arteko handiena. Gaia berriz aztertu beharko du EBko Auzitegi Nagusiak.

Jon Fernandez.
2017ko irailaren 6a
09:43
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak baliogabetu egin du Europako Batzordeak 2009an Intel AEBetako informatika konpainiari jarritako isuna, 1.060 milioi eurokoa. Ordura arte ezarritako isunik handiena izan zen, eta Bruselak Inteli egotzi zion merkatuan zeukan posizioaz baliatzea lehiakideak baztertzeko mikroprozesatzaileen merkatutik, bereziki AMD Advanced Micro Devices.

Abusuzko jarrera egozteko, Europako Batzordeak kontuan hartu zuen Intelek merkatu kuotaren %70 kontrolatzen zuela, eta haren lehiakideentzat "oso zaila" zela mikroprozesatzaileen merkatuan sartzea. Besteak beste, abusuzko bi jarduera leporatu zizkion: batetik, deskontuak egitea lau ordenagailu ekoizleri (Dell, Lenovo, HP eta NEC) trukean Intelen x86 prozesatzaile eros zitzaten; bestetik, Media-Saturni ordainketak egitea, hark Intelen mikroprozesatzailedun ordenagailuak soilik sal zitzan.

AEBetako konpainiak helegitea jarri zion 2009ko zigorrari, baina EBko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen 2014an. Intelek kasazio helegitea jarri zion, orduan, ebazpen horri. Auzitegi Nagusiaren ebazpena da, hain zuzen, Luxenburgok orain baliogabetu duena.

Intelek azpimarratu zuen Auzitegi Nagusiak akatsa egin zuela, "ez zituelako deskontu polemikoak aztertu auziko zirkunstantzia guztiak kontuan hartuta". EBko Justizia Auzitegiak gaur ebatzi du Auzitegi Nagusia behartuta zegoela Intelen alegazio guztiak aztertzera. Horregatik, baliogabetu egin du zigorra, eta Auzitegi Nagusia behartu du berriz ere aztertzera Intelek egindako deskontuak, lehia txikitu zezaketenak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.